Nerabeentzako zerbitzua ezagutzera emateko Gazte-txokoko ateak irekiko dituzte gaur
Ate irekien saio honen helburua zerbitzua eta bertan lan egiten duten hezitzaileak aurkeztea da. Bereziki DBH1eko ikasleen gurasoei zuzenduta dago gaurko bilera.
Urtero bezala, aurten DBH1 ikasten hasi diren gaztetxoen gurasoei zuzendutako informazio saio bat egingo dute Nerabeentzako zerbitzua eta bertan lan egiten duten hezitzaileak ezagutzera emateko. Bilera Gazte-txokoan izango da, gaur, 18:00etan.
Gaurko ate irekien jardunaldi honen aurretik, DBH-1eko ikasleak izan ziren zerbitzua ezagutzen joan den ostegunean, eskola orduetan.
Zerbitzua 11 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago. Zerbitzu sozio-hezitzaile bat da, eta nerabeei aukera ematen die aisialdiaz euskaraz gozatzeko eta lagunekin egoteko. Gainera, hezitzaileen laguntza dute. Nerabeak dauden tokietan eskaintzen da zerbitzua, hau da, Gazte-txokoan, kalean eta sare sozialetan.