Ikuskizuna prest dago
Golden Apple Quartet, Xabier Zabala eta Legazpi Musika Banda 'Golden Xey' kontzertuan elkarrekin izango dira bihar. Urbeltz pilotalekuan izango da, 19:30ean. Sarrerak bihar ere salduko dira.
Legazpi Musika Bandak, Xabier Zabalak eta Golden Apple Quartet taldeak Golden Xey ikuskizuna eskainiko dute elkarrekin bihar larunbata, 19:30ean,Urbeltz Pilotalekuan. Jesus Castillejok zuzenduta igoko dira taulara legazpiarrak Zabalarekin eta laukote ezagunarekin batera, «musika eta pasarte komikoak uztartuko dituen ikuskizuna eskaintzeko».
Bikuña-eneako Musikal Legazpi dendan eta Laubideko estankoan erosi daitezke sarrerak, 5 euroan arrunta, eta 3 euroan 12 urtez azpikoentzako sarrera. Bihar bertan ere batzuk egingo dira salgai Urbeltzeko sarreran, 8 eta 5 euroan, hurrenez hurren.
Los Xey-ren omenez
Castillejok azaldu duenez, biharko emanaldirako azken entseguak egiten ari dira, eta «dena oso ondo doa. Egundoko lana plazaratuko dugu!». Garai bateko Los Xey taldeari omenaldia egitea da 202ko urtarrilaren 2an Golden Appel Quartetek Donostiako Victoria Eugenian estrenatu zuen Golden Xey ikuskizunaren helburua.
Legazpin, herriko musika bandaren laguntzarekin, «betiko abestiak» errepasatuko dituzte. Besteak beste, Adelak esan zidan (Me lo dijo Adela), La bella Lola edo El menu interpretatuko dituzte. Guztira hamasei kanta eskainiko dituzte, eta horietatik hamahiru bandarekin batera abestuko ditu laukoteak.
Pandemiaren ondoren herriari «ikuskizun berezi bat» eskaintzeko gogotik sortu zen musikari horien guztien elkarlana. Legazpiarrentzat erronka handia izan dela aitortu du Castillejok, errepertorio guztia berria zelako, baina «oso motibatuta» egon direla gehitu du. Bandatik ia 60 musikarik parte hartuko dute.