Zikloturista martxa ez lehiakorra egingo dute bihar Beasaindik abiatuta
Erronka Bila Kirol Klubekoek emakumezkoen parte hartzea bultzatu nahi izan dute. 260 txirrindulari baino gehiago izango dira irteera puntuan; horietatik ehun inguru emakumezkoak.
Zikloturista martxa ez lehiakorra. Horixe antolatu du Erronka Bila taldeak bihar Beasainen, bi ibilbide proposatuta. Erronka Bila elkartearen erronka, bihar, 09:00etan, Beasaingo Loinazpe ikastetxetik, Antzizar Kiroldegiaren paretik, abiatuko dira txirrindulariak, Goierriko errepideetan barrenan osatutako bi ibilbideetan elkarrekin gozatzeko. «Goierrin txirrindularitzarako zaletasun handia dago. Modu seguru eta entretenigarrian praktikatzeko errepide egokiak dituen lurraldea izanik, gure inguruetako herriak, errepideak eta txokoak ezagutarazi nahi ditugu zikloturismoaren bitartez eta gure hizkeran».
Dena den, Txirrindularia-La Ciclista Goierri zikloturista martxaren helburu nagusia «emakumeak horrelako probetan parte hartzera animatzea da, emakumezkoen praktika gero eta handiagoa dela ikusita». Helburua bete du: izena emandako 264 lagunen artetik 104 emakumezkoak direlako.
Era berean, txirrindularitza munduan murgildutako emakumeek, «kirol honetako emakume erreferenteak» ezagutarazi nahi dituzte. Horretarako, zikloturista martxa hasi aurretik omenaldia egingo zaio aurtengo txirrindulari gonbidatuari eta «1. dortsal zenbaki sinbolikoa esleituko zaio». 1 zenbakidun dortsala Mari Carmen Diaz de Lezana (Orduña, 1943) bizkaitarra eramango du.
Mari Carmen Diaz de Lezana
79 urteko Diaz de Lezana «bere aitari esker, oso txikitatik txirrindularitzara zaletu zen. Kirol honetan emakumezko aitzindari izan zela esan daiteke eta gizonezkoekin lasterketetan parte hartzera iritsi zen».
Ama izan zenean, bizikleta bazterrean utzi zuen arren, «bere grinak bizirik jarraitzen zuen eta berriro heldu zion, gaur egun arte ez uzteko. Zaletasun hori familiarekin eta lagunekin partekatu du benetako zikloturismoa praktikatuz». Biharko proban Amaia Pikaza Diaz de Lezana alabarekin batera parte hartuko du. Pikaza 1984. urtean Euskadiko txapeldun izandakoa da.
Bi ibilbide aukeran
Txirrindulari guztiak elkarrekin abiatuko dira, nahiz eta bi ibilbide izan aukeran. 40 kilometroko Beasain-Alegi-Orendain-Larraitz-Beasain da bat. Kilometro gehiago egin nahi dituztenek, Ormaiztegi-Atagoiti-Aztiri-Zerain-Segura-Idiazabal-Olaberri-Lazkao-Beasain ere egin dezakete, 80 kilometro.
ZIKLOTURISTA MARTXA
Datu teknikoak
- Ordua. Bihar, 09:00etan.
- Irteera. Loinazpe ikastetxetik.
- Ibilbide laburra. 40 km, 460 metroko desnibel metatua. Mendate bat: Orendain.
- Ibilbide luzea. 81,6 km, 1.280 metroko desnibel metatua. Bost mendate: Orendain, Atagoiti, Aztiria, Zerain eta Olaberria (Idiazabalgo Korta baserritik).
- Anoa guneak. Orendainen, Zeraingo herriko plazan eta Beasainen, Loinazpen. Amaieran, hamaiketakoa.
- Dutxak. Antzizar kiroldegian.
- Txirrinduentzako parkea. Pumptrack ondoan.