Elordi Garcia Olazabal institutuan izan da hezur-muin transplanteaz hitz egiten
Batxilergoko ikasleei leuzemia gainditzeko egin zioten transplanteaz eta hezur-muin emaileen premiaz hitz egin die. Azaroaren 30ean berriz ere Legazpira etorriko da, gaixotasunaren eta tratamenduaren esperientziaz idatzi zuen 'Imparable hasta la medula' liburua aurkeztera.
Elordi Garcia Insausti Lazkaoko kazetaria Legazpiko Olazabal institutuan izan da gaur eguerdian, leuzemiaz eta odolaren minbiziaz hitz egiteko, eta gaixotasun larri hori sendatzeko hain garrantzitsua den hezur-muinaren emaileen premiaz kontzientziatzeko.
Garciak berak izan du leuzemia eta hezur-muinaren transplantea jaso behar izan zuen aurrera atera ahal izateko. Gaixoaldiaren eta tratamenduaren esperientzia Imparable hasta la medula liburuan bildu zuen, eta gaur Legazpiko ikastetxeko batxilergoko ikasleekin konpartitu du. Horrez gain, hezur-muinaren transplanteaz hitz egin die ikasleei, eta 18 urte betetzen dituztenean, emaile bihurtzeko eskatu die.
Azaroaren 30ean Legazpira itzuliko da berriro Elordi Garcia, Imparable hasta la medula liburua legazpiar guztien aurrean aurkeztera.
Liburua edozein liburu dendan eta interneten eros daiteke. Diruak elkartasun helburua du, leuzemiaren aurkako Josep Carreras fundazioaren bidez ikerketara bideratzen delako.