Erromeria ospatuko da Ardanbidetan igandean
Kimu Berri elkarteak antolatu du, eta egun osorako ekitaldiak prestatu ditu. Paella bazkaltzeko aukera izango da.
Kimu Berri elkarteak antolatuta, erromeria egingo da igandean Ardanbidetan, bi urteko etenaren ondoren. Elkartearen aurrean dagoen zabalunean ospatuko da erromeria, eta egun osorako egitaraua prestatu dute.
Izadi Zaleak mendi elkartearekin batera, Lakiola inguruan dagoen Ardanbidetara oinez igotzeko deia egin diete antolatzaileek herritarrei. Han, aterpean bertan eta inguruan, salda eta txorixo banaketa, haurrentzako eta helduentzako jokoak, herri kirolak, haurrentzako zaldi paseoak eta arku tiraketa erakustaldia egongo dira. Bazkaltzeko paella izango da, eta egun osoan zehar musika ere izango da.
Oinez joan nahi ez dutenentzat autobus zerbitzua izango da, Laubideko biribilgunetik.
Zingo Zango euskara elkartea hasi zen Ardanbidetako erromeria antolatzen, eta taldea desegin zenean, Kimu Berrik hartu zion erreleboa.