'Golden Xey' ikuskizunak harrera bikaina izan du Legazpin
Legazpi Musika Bandak, Xabier Zabalak eta Golden Apple Quartet laukoteak bat eginda eskaini zuten lana larunbat iluntzean, publikoz gainezka zegoen Urbeltz pilotalekuan.
Harrera ezin hobea izan du Legazpi Musika Bandaren, Xabier Zabalaren eta Golden Apple Quartet laukotearen arteko lehen elkarlanak. Larunbat iluntzean goitik behera bete zuten Urbeltz pilotalekua, Golden Xey ikusteko eta entzuteko gogoz zegoen publikoz. Ikuskizun paregabea eskaini zuten musikariek, eta jendea etenik gabe aritu zen denbora guztian zehar barre eta txalo eginez.
Los Xey talde mitikoa omentzeko sortutako ikuskizuna da Golden Xey, eta Golden Apple Quartet taldearen ikur den umorearen bidez gogoratu zituzten musikari guztiek Me lo dijo Adela, El menu edo San Fermin bezalako kanta ezagunak. 60tik gora musikarik parte hartu zuten guztira, horien artean Legazpiko bandako ia kide denek, Jesus Castillejok zuzenduta.
Balorazio “oso ona”
Castillejok, hain zuzen, emanaldiaren balorazio “oso ona” egin du, “Zabala eta Goldenekoak ere oso gustura geratu ziren”. Bandako kideen erantzunaz oso harro agertu da, gainera, “oso ondo jo zuten, dena oso ondo atera zen”. Uda aurretik hasi ziren proiektu hau prestatzen, eta emaitza “ezin hobea” izan da Castillejoren esanetan.
Hurrengo hitzordua ari dira prestatzen orain bandakoak, Santa Zeziliaren omenez Legazpiko beste taldeekin batera egingo duten kontzertua, eta hor ere “ilusio handia” dute jarrita.