Atariederreko Juli Aierbe baserritarra omendu dute Beasainen, udazkeneko fruta eta barazki sariketen azoka berezian
Errezil sagar lehiaketako lehenengo saria Aramako Patxi Arizmendik irabazi du, eta fruta eta barazki lehiaketako aurrenekoa Zegamako Josetxo Mendiak. Aierbek 44 urte daramatza astearteroko feriara joaten.
Beasaingo Altamira auzoko Atarieder baserriko Juli Aierbe Mendizabal omendu dute gaur goizean, astearteroko azokara urtetan joateagatik eta baserriko produktuak kalekoen esku ipintzen egiten duen lanagatik. Udazkeneko azoka berezia izan da gaurkoa, fruta eta barazki lehiaketak egin dituelako udalak.
Zaldibiako Saturdi auzoko Agerreurreta baserrian jaioa da Aierbe, eta duela 44 urte Atariederrera ezkondu zenean hasi zen ferietara joaten. Aurretik, neskametzan eta Zaldibiako Yani altzari lantegian (gaur egun Logos) aritu zen, eta Zaldibiako baserritik ez zuten ferietara joateko ohiturarik.
Ohi bezala, Rosarito Txintxurreta koinatarekin batera jarri du gaur ere postua Juli Aierbek. “Geroz eta produktu gutxiago ekartzen dugu, etxean ere jartzeko geroz eta gutxiago gara eta”. Senarraren lau arrebekin atera dute Atarieder aurrera, gaur egun bi koinata bizi badira ere.
Beasaingo azokara 44 urteotan joateaz gain, 28 urtean Ordiziako ferian ere jarri izan dute postua, koronabirusaren izurriak eten zien arte. Garaian garaiko barazkiek dute estimazio handiena, bere iritziz, plazan: “Tomate garaian tomatea, letxuga, porrua…”.
Leire Artola alkatearen eskutik lore sorta hartu, eta dantzari batek egindako ohoreko aurreskua izan ditu Aierbek omenaldiko esker on erakutsiak, gaur. “Ilusioa egin dit, nahiz eta horrelakoak ez zaizkidan askorik gustatzen”, aitortu du.
Errezil sagar, fruta eta barazki lehiaketak
Azokaren beste ardatz berezia 31. Errezil Sagar Lehiaketa eta 33. Fruta eta Barazki Lehiaketa izan dira. Beasaingo Udaleko alkateak eta merkataritza saileko ordezkariek eman dituzte sail bakoitzeko hiruna sari.
Sarituak:
33. Fruta eta Barazki Lehiaketa
1. Josetxo Mendia beasaindarra, Zegamako Altzibar baserrikoa.
2. Patxi Arizmendi, Aramako Iturriotz baserrikoa.
3. Zuhaitz Ibañez, Tolosako Aritzeta baserrikoa.
31. Errezil Sagar Lehiaketa
1. Patxi Arizmendi, Aramako Iturriotz baserrikoa.
2. Maria Luisa Urrestarazu, Arriarango Ondarre baserrikoa (Zeraingo Oiharteko sagarrekin).
3. Ignacia Anice Aranburu, Beasaingo Murugoena baserrikoa.
Barazkiei dagokienez, oraindik udako generoarekin ari direla aitortu dute saltzaileek. Neguko produkturik, gutxi oraindik. Lehiaketan, barietateaz gain, Ibañezi produktu bakoitzari izenarekin eta prezioarekin karteltxo bana jarri izana saritu diote epaimahaikoek.
Errezil sagarrak, berriz, ez du urterik onena izango. Oso gutxi dagoela esan dute baserritarrek. “Gutxi, eta kalitate gutxikoa gainera. Lehorteak egundoko kaltea egin du, bestela ere urte ona ez eta”, esan du Murugoeneko Ignacia Aranburuk.
Gaur bi sari jaso dituen Patxi Arizmendi aramarrak, bere aldetik, “aitortzarik onena astero-astero jendea erostera etortzea” dela gaineratu du.
ARGAZKIAK: Aimar Maiz