Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritza berritzeko deia egin dute
Abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira hautagaitzak, eta egongo balira, 2023ko urtarrilean hauteskundeak deituko lituzke egungo zuzendaritzak.
Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritza berritzeko prozesua abiatu dute. Hautagaitza ezberdinak (bai taldeka, baita norbanakoak ere) 2022ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira, eta hautagaitza ezberdinak egongo balira, 2023ko urtarrilean hauteskundeak egingo dira.
Momentu honetan, Jon Barandiaran buru duen lan-taldeak du klubaren gidaritza, baina lehenen momentutik argi utzi zuten, behin-behineko edo trantsizioko zuzendaritza bat izango zela, eta denboraldian zehar zuzendaritza batzorde berri bat osatzeko asmoa azaldu zuen klubak.
Ekarpenak egiteko deia
Zuzendaritzarako bakarrik ez, klubean beste lan batzuk egiteko ere laguntza eskatu du Ordizia Rugbyk: “Ideia asko ditugu buruan, baina hauek burutzeko laguntza behar dugu. Klub honen
biziraupena bermatzeko, laguntza behar dugu”. Hala, jokalarien guraso, lagun zein klubeko bazkide eta zaletuei zuzentzen zaizkie, “klub hau handia egin nahi badugu, denon beharra baitugu”. Ekarpenak egiteko, WhatsApp bidez mezua bidalita (680 130 178) edo eposta bidez (info@ordiziarugby.eus).