Antropologia-etnologiara zuzendu dute 2023ko Barandiaran ikerketa beka
Barandiaran Fundazioak azaroren 30era arte jasoko ditu ikerketa proiektuak. Euskal Herriko bizimoduak edo kulturak aztertzea jarri du helburutzat. Bekak 10.000 euroko laguntza emango du
Joxe Migel Barandiaran Fundazioak egin du 2023ko izen bereko ikerketa bekaren deialdia. Aurten antropologia eta etnologia arloak ditu helburu —arkeologiarekin txandatzen dute—, eta Euskal Herriko bizimoduak edo kulturak erpin ezberdinetatik ikertzea bultzatuko du. 1980an hasi zen Eusko Ikaskuntza Barandiaran Beka ematen, eta 1988tik fundazioak kudeatzen du.
Batez ere ikertzaile gazteei eta hasi berriei zuzendutakoa da deialdia, eta horiekin batera eskarmentu handiagoko adituren bat ere sar liteke taldean. Banaka ere aurkez daiteke proiektua.
Egitasmoaren txostena aurkezteko epea azaroaren 30era artekoa da. Fundazioak abenduaren 31rako jakinaraziko du bekaduna zein izango den.
10.000 euro dirutan
Ikertzaileak edo taldeak 2023an garatuko du antropologiari edo etnologiari buruz proposatu duen ikerlana. Fundazioak 10.000 euroko beka emango dio horretarako, hiru zatitan. Lana garatzeko, berriz, urtebeteko epea izango da, luzapenik gabe.
Orain, eta azaroaren 30erako, Fundaziora dokumentazioa eta proiektuaren txostena aurkeztu behar dira (gasteiz@barandiaranfundazioa.eus): eskabidea, hautagaien curriculumak, ikasketak, egindako lanak, ikerlanak, argitalpenak edota sariak, eta lanari buruzko txosten zehatza, xehetasunekin.