Artista berri eta gazte bat dute legazpiarrek herrian
Jendaurrean artista gisa aurkeztuko du bere burua Maider Egurenek bihar Kultur Etxean irekiko duen erakusketarekin. Era askotako margo lanak erakutsiko ditu, batez ere egur enbor zatietan egindakoak.
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak antolatutako erakusketa kolektibo batean parte hartutakoa da aurretik, eta lanak zintzilikatzen ditu egin ahala Instagrameko @bymaider kontuan. Baina bihar Kultur Etxean irekiko duen erakusketa —azaroaren 11ra arte egongo da ikusgai— izango da jendaurrean ofizialki margolari gisa aurkezteko modua. Urduri dago artista gazte hau, baina ilusioz beteta.
Maider Eguren Beainek (Legazpi, 2001) txikitatik margotzen du, hasieran etxean, eta gero Arkatzako klaseetan, 8-bat urterekin hasita. «Rosa zen nire irakaslea, eta berak erakutsi zidan margotzen, baina berez banuen griña hori». Klaseetan, besteekin alderatzen zuen bere burua eta «nik gogo handiagorekin egiten nuen». Orduan, eta orain, erlaxatzeko bidea zen marraztea eta margotzea, eta horregatik hartzen zuen hain gustura.
Pandemia garaian hasia
Arkatzako klaseak utzita ditu, eta orain bere kabuz ari da. «Fuerte-fuerte instagrameko kontuarekin batera hasi nintzen, pandemiako itxialdian». Etxean aspertuta zegoen, eta margotzeari ekin zion. Orduan hasi zen laminak egiten eta saltzen: «Frida Kahlo, Marilyn Monroe… erretratu modukoak ziren, baina karikatura kutsuarekin, marrazki bizidunen itxurarekin. Jendeari asko gustatu zitzaizkion». Azken asteetan berriz hasi da laminak egiten.
Estiloaz galdetuta, ez duela estilo zehatzik edo finkorik dio Egurenek. «Errealismoa ez da behintzat, errealismorako badauzkagu argazkiak. Niri koloreak gustatzen zaizkit, marrazki itxura ematea…».
Erakusketan era askotako lanak izango ditu, gehienak akrilikoz margotutakoak, eta horien artean Matrakaren erakusketa hartarako egin zuen lanetik sortutako lau sorginen bilduma dago. Natura ere gustuko du, eta mendi eta basoen koadroek toki berezia dute erakusketan. Orain lantzen ari den proiektuko lanak ere jarriko ditu ikusgai.
Egur gainean
Egurrezko enbor zatietan margotutako lanak dira Egurenen azkenak. Naturarekin duen lotura hori margo formatu arruntetatik harago eraman nahi izan du, eta osaba Peio Aranburuk eta Nerea Aranburu lehengusuak familiak Brinkolan duen Agerrezabal baserrian prestatutako enbor zatiak erabiltzen ditu gainean margotzeko, mihise modura. Pago eta lizar enbor-zatiak dira. «Eta arrakasta izan dute, dezente saltzen ari naizelako eta enkarguak egiten dizkidatelako». Momentuz, horiekin jarraitzeko asmoa du.
Lanen salmentak, ordea. arduratu egiten du, «batez ere lanei prezioa jartzeak. Zenbat eta prezio altuagoa jarri lan bati, jendeak ez duela erosiko pentsatzen dut, baina aldi berean, alderantziz egiten badut lan hori ez dela nahiko baloratzen iruditzen zait».
Bihar irekiko duen erakusketak ere arduratzen du Eguren, lehen aldia da bakarka erakusten duena, eta urduri dago jendaurrean agertuko delako. «Lagun askok esan didate etorriko direla». Joaterik ezin dutenek, Instagramen ezagutu dezakete artista gazte honen lana: @bymaider. Hala ere, Kultur Etxera inguratzeko gonbidapena luzatzen du, «ni bezala gauza berriak egiten duen herriko jendea babestea garrantzitsua dela iruditzen zait».