Ataunen igandean jokatuko da Hiru Auzoetako Korrikaldia
Betiko ibilbidea izango du: San Martingo plazatik abiatu, San Gregorio auzoan barrena Kaxetaraino ailegatu, Aia auzora igo, eta atzera bide beretik San Martineraino itzuli. Guztira, 17,3 kilometroko luzera du ibilbideak, eta aldapa erdian.
Hiru Auzoetako Korrikaldiaren 41. ekitaldia igandean jokatuko da, Ataunen, Mantza zenaren oroimenean. Betiko ibilbidea izango du: San Martingo plazatik abiatu, San Gregorio auzoan barrena Kaxetaraino ailegatu, Aia auzora igo, eta atzera bide beretik San Martineraino itzuli. Guztira, 17,3 kilometroko luzera du ibilbideak, eta aldapa erdian.
Igandean 11:00etan hasiko da lasterketa, Ataun Kirol Elkarteko atletismo taldeak antolatuta. Proba osatzeko gehienez bi orduko denbora izango dute korrikalariek. Adin mugarik ez dago, baina 18 urtetik beherakoek gurasoen baimena aurkeztu beharko dute.
Gi-2120 errepidearen erdia itxi egingo dute 11:00etatik 13:00etara, lasterketarako. Zirkulaziorako murriztuta egongo da, beraz, eta tarte horretan autorik ez hartzeko eskatu du Ataungo Udalak. Autobusak ere gutxiago ibiliko dira, eta San Martingo plazako geralekua Aizkoarte elkartearen albora aldatuko dute.
Izen-ematea eta sariak
Izena kirolprobak.com webgunean eman behar da. Aurrez eginda, 12 euro da; egunean bertan, 15 euro kobratuko dute.
Lehen hiru sailkatuek, eta lehen beteranoek, herritarrek eta herritar beteranoek jasoko dute saria. 300 euroko gainsaria jarri dute, bestetik, denbora-errekorra ontzen duenarentzat: 54:10 gizonetan eta 1:04:52, nesketan.