Bi eguneko Cava Festa
Zegaman 8. Cava Festa egingo dute bihar eta etzi. Zortzi cava ezberdin dastatzeko aukera izango da. Sant Sadurni d'Anoia herriarekin Zegamak duen senidetzagatik sortutako festa da
Cavazaleek edari hori dastatzeko aukera izango dute bi egunez Zegaman. Bihar eta etzi Zegamako 8. Cava Festa egingo da eskolako patioan, udalak eta herriko elkarteek elkarlanean antolatuta. 2013tik antolatzen dute festa urriari bukaera emateko. Aurreko zazpi edizioetan cava ezberdin asko ezagutzeko aukera izan dute hurbildu direnek, eta aurten ere hala izango da. Ohi bezala, 8 cava izango dira aukeran.
Bihar zein larunbatean 20:00etatik 01:00etara irekiko dute eremua. Oliver Viticultors Brut Nature, Blancher Reserva Rosat Brut, Trepat Freixenet eta Gimau Brut Nature caven botilak 9 euroan salduko dituzte, eta kopa bakoitza 2 euroan. Raventos i Blanc Blanc de Blancs, Llopart Brut Nature Reserva, Bancher Gran Reserva Nature eta Gemma Oliver Viticultors caven botila, aldiz, 13 euroan egongo da salgai, eta kopa betetzea 3 euroan. Kristalezko kopak 1,5 euro izango dira, eta freskagarriak ere salduko dituzte, euro batean.
Apardun edariez gain, janaria ere egongo da Cava Festan erosgai: oilasko izterra piparrekin, solomo burua piparrekin, ajoarrieroa, hanburgesak, saltxitxak. txorixoa, entsalada, gazta eta menbrilua, pastak eta kafea hartzeko aukera izango dute herritarrek.
Kultura zabaltzea
Zegamak Kataluniako San Sadurni d’Anoia herriarekin dauka senidetza, eta horregatik antolatzen dute urtero cava festa, Izaskun Igoa gazteria eta kultura zinegotziak adierazi duenez: «Cavari herriko ekintzen egutegian egun berezi bat eskaintzea pentsatu zen, eta hau gure eskualdeko beste herrietara zabaltzea interesgarria ikusi zen. Azken finean guk Kataluniako herri honekin anaitzea kulturak eraman gaituta haien kulturan sartzen da cava ere».
2006an sinatu zuten bi herriek senidetza, eta ospatzeko hainbat ekitaldi egin ziren, Zegaman zein Sant Sadurni d’Anoian. Harreman estua izan dute bi herriek ordutik. Cava ere protagonista izan zen senidetza ekitaldi horietan, bertako cavari buruzko hitzaldi batzuk egin baitzituzten.
Urtero bezala, udalak ez ezik herriko elkarte ezberdinek parte hartu dute festaren antolakuntzan, tartean, Amezti elkarteak, Tartalo Elkarteak, Karraztarro ehiz elkarteak, Orkatz abesbatzak, Gazte Herexak, Jubilatuen elkarteak, Elkartu Nahi Txirrindulari Elkarteak eta Kasino elkarteak. «Guztiok ilusio handiz aritu gara lanean eta parte hartzera gonbidatzen zaituztegu».
Autobus zerbitzuak
Goierrin barrena dabilen ohiko lineako autobus zerbitzua erabilgarri egongo da iluntzean, Zegama aldera gerturatu ahal izateko zein Beasain aldera gauean itzultzeko. Ostiralean eta larunbatean, Zegamatik Legorreta aldera bueltatzeko bi autobus izango dira, 12:10ean eta 01:55ean. Cava freskoa dastatu nahi duten goierritar guztiak animatu dituzte festara.