Dimentsio handiko arbolen arrisku-azterketa egin dute, "kalteak saihesteko"
Doctor Arbol enpresak egin du azterketa. Aurrerago jakinaraziko dituzte emaitzak. Herriko lorategi eta leku publikoetako zuhaitzen mantentze eta kontrolerako programa barruko ekintza da.
Idiazabalgo Udalaren herriko lorategi eta leku publikoetako mantentze eta kontrolerako programaren barruan, tamaina handiko arbolen arrisku-azterketa egin du gaur herriko hainbat zuhaitzetan Doctor Arbol enpesak. Izan dezaketen arriskua neurtu dute eta aurrerago jakinaraziko dituzte emaitzak, hartu beharreko neurriak zehazteko.
Udalak azaldu duenez, “arriskutsuak izan daitezkeen arbolak dira, dimentsio handikoak direlako”. Zuhaitzez gain, ingurua ere neurtu eta aztertu dute. Prebentzio neurria da, “kalteak saihesteko, noizbait erori izan direlako”. Emaitzen arabera hartuko dituzte erabakiak: “Batzuk bota behar diren jakingo da”. Aztertutako arboletako batzuk 100 urtetik gora dituzte. Torre etxeko sequoiadendron giganteum, igerilekuko salix babylonica eta Txomenarenako eta Pilarreneako lorategietako arbolak aztertu dira.