Goierritik Munduko Pilota Txapelketara
Zumarragan entrenatzen duten Mikel Zuloaga eta Ignacio Fouilloux pilotari txiletarrak Munduko Txapelketan parte hartzen ari dira. Zuloagaren bikotea ordiziarra da eta han bizi dira.
Egunotan Munduko Pilota Txapelketa jokatzen ari dira Miarritzen (Lapurdi). Parte hartzen ari diren pilotarien artean, Goierrirekin lotura duten bi daude: Mikel Zuloaga eta Ignacio Fouilloux txiletarrak. Biek Zumarragan entrenatzen dute. Gainera, Zuloaga Ordizian bizi da. Fouilloux Zestoan (Gipuzkoa) bizi da.
Zuloagak 30 urte ditu eta Txileko hiriburuan jaio zen, Santiagon. Bere abizenak argi uzten duen moduan, euskal jatorrikoa da. «Nire birraitona Euskal Herrikoa zen. Oiartzungoa (Gipuzkoa) zela uste dugu, baina ez dakigu ziur, bertako familiarekin harremana galdu baikenuen».
Euskal Herriko familiarekin harremana galdu zuten, baina ez zuten euskal jatorria ahaztu. «Euskal nortasuna beti presente egon da gure etxean. Beti oso argi izan dugu gure sustraiak Euskal Herrian daudela».
Hala, oso gaztea zela, Santiagoko Euskal Etxera joaten hasi zen. «15 urterekin hasi nintzen Euskal Etxera joaten. Euskal kultura asko gustatzen zitzaidan: dantza taldean izena eman nuen, euskara ikasteari ekin nion, pilotan jokatzeari ere bai… 13 urte daramatzat euskara ikasten. Txileko Euskal Etxean hasi nintzen eta egun AEKren Ordiziako euskaltegira joaten naiz».
Ordizian bizitzen hirugarren urtea du. «Nire bikotea ordiziarra da. Txilera joan zen Erasmus egitera eta han ezagutu genuen elkar, 2013an». 2019an Ordiziara etortzea erabaki zuen Zuloagak, eta ez da damutu. «Euskal Herria espero nuen bezalakoa suertatu da. Amaiaren [bikotekidea] senitartekoek eta lagunek oso harrera ona egin zidaten».
Ordizian Santiagon baino hobeto bizi dela dio. «Oso ondo nago hemen. Santiago oso handia da. Zortzi milioi biztanle ditu. Zoramena da. Zarata izugarria da. Hemen, berriz, naturatik oso gertu bizi gara».
Hori bai, Andeak faltan sumatzen ditu. Izan ere, mendizalea da. «Hemen Aralarrera, Aizkorrira, Usurbera, Murumendira… joaten naiz».
Ordiziako errugbi taldearen partidetara ere bai, noski. «Ez naiz galtzen. Sagardotegira, errugbi partidetara… joaten naiz. Dena gustatzen zait».
Baina, batez ere, pilota. «Txilen, frontenisean eta Argentinako paletan jokatzen da, batez ere. Esku pilotan jokatzen dugunok askoz ere gutxiago gara».
Bigarrengoz parte hartzen ari da Munduko Pilota Txapelketan. «2014an Mexikon jokatu zen Munduko Txapelketan ere parte hartu nuen. Munduko Kopan ere parte hartu dut. Aurten, gure helburua hirugarren posturako partida jokatzea da».
Atzelari postuan jokatzen du. «Segurola samarra naiz. Pilota eramatea da nire helburu nagusia. Bestalde, jarrera baikorra dut beti. Mentalki indartsua naizela uste dut».
Pilotari profesionalen partidak ikusten ditu, noski. «Nire pilotari kuttuna Abel Barriola zen. Pilotari eta pertsona bikaina zen. Xala ere gustuko nuen. Goierrin ere pilotari bikainak daude: Zubizarreta, Irribarria…».
Zubizarretaren herrian, Ataunen, entrenatzen zuen Euskal Herrira etorri zenean. Egun, Zumarragan entrenatzen du. «Ataunen oso gustura nengoen, baina Zumarragako Viana anaiekin oso harreman ona egin nuen eta Zumarragara joatea erabaki nuen. Josu Viana da nire entrenatzailea».
Zumarragan oso gustura daudela dio. «Zumarragan entrenatzen dugunetik, Ignaciok eta biok hobekuntza nabaritu dugu. Gainera, pilotalekua oso ederra da eta hori ere motibagarria da. Oso giro ona dugu Zumarragan. Hurbileko pertsonak aurkitu ditugu», amaitu du.