Joandakoak gogoratzeko loreak
Ordiziako azokan ere badu oihartzuna Santu Guztien egunak. Hilerrietara eramateko lore eta landare zentroak enkargatzeko aukera izan da asteazken honetan. Ehiza ere hasi da.
Santutegiarekin zerikusia duen ospakizun askok dute oihartzuna Ordiziako ferian, eta saltzaileek egun berezi horietarako produktuak eskaintzen saiatzen dira. San Blas, San Valentin, Erramu igandea, Gabonak… eta orain, Santu Guztien eguna. Azaroaren 1a joandakoak gogoratzeko eguna da, eta loreak izaten dira bitarteko material nagusia.
Ferian, atzo, hilerrira eramateko zentroak eta landareak enkargatzeko eguna zen loreak eta landareak saltzen dituzten bi postuetan. Maria Dolores Mendizabalek muestrario ederra zuen jarrita bere postuan. Lore moztuekin egindako zentroak zituen, alde batetik, 85 eta 118 euro artean. Horiez gain, krabelinekin egindakoak ere bazituen (70 euro bi dozena, 45 euro dozena eta erdi eta 38 euro dozena bat), baita larrosenak ere (dozena bat 70 euro, eta dozena eta erdi 85 euro). Landare bizien zentroak 35 eta 50 euro artean zituen, ziklamen, pinu, kalantxoe, txilar, pentsamendu eta abarrekin egindakoak.
Azanzarenean, berriz, krisantemo bizia zegoen salgai, Turner edo margarita handikoa 28 euroan, eta margarita txikikoa 18 euroan. Ziklamenekin egindako terrinak ere bazituen, 28 euroan, eta solte salduta, 6,5 euroan; azalea, berriz, 10,5 euroan.
Loreez gain, Santu Guztien egunarekin edo arimen gauarekin lotutako beste gai bat ere bazegoen salgai, kuia, tamaina eta forma askotakoak gainera.
Iñaki Intxaustik salgai jarri zuen mizuna (8 euroan kiloa) ere aipatu behar da, berritasun gisa.
Eta berriak ez dira beste produktu batzuk, baina eguraldiak eraginda denboraldia luzatzen ari zaielako aipatu behar dira. Tomateak, lekak eta piperrak dira. Oraindik zenbait postutan daude salgai plazan, uda bete-betean bezala.
Onddo ugari eta usoak
Onddoa, berriz, bere unerik onenean dago, eta atzo 320 kilo jarri zituzten salgai (14-35 euro artean kiloa). Perretxiko eskaintza honela osatu zen: 13 kilo ziza hori (22-28 euro), 29 kilo niskalo (12-22 euro), 23 kilo saltsa perretxiko beltz (12-20 euro), 20 kilo angula (20 euro) eta 2 kilo marasmio jangarri.
Garai honetan hasi ohi da ehiza eskaintza ere Ordizian, eta aurreko astean eta atzo, usoak zituen salgai Lasak (7 euro burua).