Komunitate energetikoa sortu aurretik ezagutza bermatu nahi du Beasaingo Udalak
Komunitate energetikoen nondik norakoak azaltzeko 'Argitu' hitzaldia antolatu dute foru aldundiarekin batera, datorren astean. Aldez aurretik izena eman behar da; epea bihar amaituko da
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Beasaingo Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, Komunitate Energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko ikastaroa antolatu du azaroaren 2an, 18:00etan, Udaletxeko batzar aretoan.
Foru aldunditik nabarmendu dute «gero eta gehiago» direla Komunitate Energetikoak sortzearen aldeko apustua egiten ari diren Gipuzkoako udalerriak, «baina herritarrik gabe ez dago Komunitaterik eta ezinbestekoa da hortaz herritarrek argi izatea zer diren komunitate energetikoak eta nola funtzionatzen duten». Ikastaro honen helburua gaiari buruzko informazio osatua eta zehatza azaltzea da, jada funtzionamenduan dauden mota desberdinetako Komunitate Energetikoen berri emanaz eta herritarrek sistema energetikoan izan dezaketen eragin zuzena ulertu dezaten.
Ikastaro honetan parte hartu nahi duten herritarrek, urriaren 28a baino lehen izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, honako bideak erabil daitezke: Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus; edota honako telefono zenbakira deitzea: 605 757 687. Astelehenetik ostiralera deitu ahal daiteke, 09:00etatik 18:00etara bitartean.
Ikastaro hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar.