Eskola mailatik maila gorenera, bi hitzordu handi ziklo-krosarekin
Igandean Eskola Kiroleko txirrindulari gaztetxoak lehiatuko dira Urtatza-zaharren. Azaroaren 1ean, Legazpiko XI. Ziklo-kros Sari Nagusia jokatuko da toki berean.
Ziklo-krosa Legazpiko Urtatzazaharrera itzuliko da zubi honetan, bi hitzordu handirekin. Igande goizean, eskola kirolaren barruko jardunaldia egingo da, eta hurrengo asteartean, azaroak 1, Legazpiko XI. Ziklo-kros Sari Nagusia jokatuko da, azken hau Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatuta.
Igandeko proban laguntzen arituko dira Telleriartekoak, Gipuzkoako Federazioak eta Foru Aldundiak antolatzen dutelako jardunaldia. 150etik gora partaide espero dituzte. 10:00etan hasita, kimu eta haur mailako txirrindulariak lehiatuko dira, eta benjaminei zirkuituan ibiltzeko aukera eskainiko zaie. Irabazleentzat dominak izango dira
Asteartekoa izango da hitzordu garrantzitsuena. Lau proba jokatuko dira. 09:30ean Master maila, 10:30ean kadete mailako emakumeak eta gizonak, 11:30ean junior mailako gizonak eta Open mailako emakumeak, eta 12:30ean, Elite mailako eta 23 urtez azpiko gizonak.
Legazpiko txirrindulariak
Asteartean 200dik gora partaide espero dituzte, horien artean hainbat legazpiar. Elite mailan, Ander Ibarguren lehiatuko da; junior mailan, Julen Ballina eta Gari Ugarte; master 40 mailan, Iñaki Astigarraga eta Oskar Gonzalez; eta marter 50 mailan, Aitor Zabaleta Txipi, Imanol Ugarte,eta Iñaki Lizarazu. Iazkoa baina txikiagoa da legazpiarren partaidetza, baina antolatzaileak gustura daude. Gari Ugartek, Aitor Zabaletak eta Oskar Garciak Berrizko probetan lortutako emaitza onen ondoren, Legazpin ere ondo ibiliko direla dirudi.
Ziklo kroseko punta-puntako beste partaide batzuk ere izango dira. Eliteko nesketan, Olatz Odriozola, Paula Suarez eta Lur Zufiria espero dira, eta Zatika taldeko Naia Arregi ere bai 23 urtez azpikoetan.Gizonezkoetan, Aitor Hernandez bizkaitarra da faborito nagusia, Legazpin zazpi aldiz irabazitakoa. Lasarteko Asier Arregi eta Costa Ricako Joseph Gerardo Ramirez ere podiumerako borrokan sartuko dira.
Taberna eta aparkalekuak
Zirkuitua prestatzen hasita daude antolatzaileak, zubirako iragarrita dagoen eguraldi lehorrak lasterketei ikusgarritasuna kenduko diela jakinda ere. Aurten ez da lokatzarik izango. Bihartik astelehenera arte, Urtatza-zaharren egongo dira 10:00etatik aurrera, eta lagundu nahi dutenei hurbiltzeko eskaera luzatzen diete.
Zaleei, berriz, ziklo-krosaz gozatzeko gonbita egiten diete, eta aparkalekuak errespetatzeko. Taberna jarriko dute urtero bezala, eta bertan kontsumitzera animatzen dute jendea. Garagardo azoka egiterik ez dute izan azken urteetan, eta horren faltan taberna da proba horiek aurrera eramateko diru iturri nagusia, udalaren eta Txindoki Rent, Udapa, Oria Sport Wear, WCLOC Komunonak, Etzalekun eta Disur 2000babesleen laguntzarekin batera.