Ardanbidetako erromeria, hurrengo urteari begira
Bi urteren ondoren igandean itzuli da festa Kimu-Berri aterpearen ingurura. Ez da aurreko urteetako jendetzarik izan, baina giro bikainarekin ospatu dute erromeria.
Bi urteko etenaren ondoren, festa giroa itzuli da Ardanbidetako zelaietara, Kimu-Berri aterpea kudeatzen duen elkarteak antolatutako erromeriari esker. Igandean zen hitzordua, eta beste urteetan bezalako jendetzarik bildu ez bazen ere, giro bikaina izan zen bertan.
Goizean hasi zen erromeria, Izadi Zaleak elkartekoekin Laubidetik oinez egindako igoerarekin. Autobusa ere izan zen Lakiolaraino, gora eta behera ibiltzeko. Ardanbidetan, aterpearen ondoan zegoen antolatuta festa gunea. Hasteko, salda eta txorizoa, eta ondoren, arku tiraketa praktikatzeko aukera, Ormazarreta zalditegiko zaldietan paseoak eta herri kirol norgehiagoka, heldu eta gaztetxoentzat.
Bazkaltzeko paella zegoen aginduta, baina segurtasun arrazoiengatik surik ezin zenez egin, ogitartekoak jarri zituzten salgai.
Bazkalondoren amaitu zen festa. Orain, hurrengo urtekoari begira jarri dira Kimu-Berrikoak.