Legazpiko merkatariak Gabonei begira hasi dira
Hainbat urtetan etenda egon ondoren, erakusleiho lehiaketa antolatu dute aurten. Parte hartzeko udalean eman behar da izena, azaroaren 30a baino lehen.
Gabonetan erakusleiho lehiaketa egingo da aurten Legazpin, hainbat urtetan etenda egon ondoren. Udalak antolatu du, herriko merkatariek hala eskatuta, eta zabalik dago izena emateko epea. Legazpiko edozein dendak parte hartu ahal izango du, eta azaroaren 30erako eman beharko du izena udaleko www.legazpi.eus webgunean edo udaletxean.
Lehiaketako erakustaldia abenduaren 12an hasi eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da, biak barne, eta erakustokiak lehenengo egun horretarako egon beharko du prestatuta. Gabonekin zerikusia duen mezua azaldu beharko da erakusleihoan, baina batez ere dendan saldu ohi diren gaiak izan beharko dira nagusi.
Lau sari, tartean herritarrena
Epaimahaia erakusleihoen dekorazioan eta merkataritzarako aholkularitzan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta irudimena, originaltasuna eta publizitate-mezuak ikusleengan
duen eragina hartuko dute kontuan saria ematerakoan.
Lau sari banatu dira: lehenak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 euro, hirugarrenak 300 euro eta herritarren saria irabazten duenak 500; guztiek plaka bat ere jasoko dute. Herritarren saria legazpiarrek emango dute, bozketa bidez, eta bozketan parte hartzen dutenen artean, 100 euroko saria zozkatuko du udalak. Epaia abenduaren 21ean emango dute.
Etenda, 2007tik
Legazpiko Udala 1990ean hasi zen Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatzen, eta 18 urtez jarraian egin zuen, 2007ra arte. Orduan, eten egin zen, merkatariek eskatuta, Gabonetako jarduera berri eta ezberdinei bide ematea erabaki zuelako. Orain, merkatariek eskatu dute lehiaketa berreskuratzea.