Sugaar Zapirain idiazabaldarraren bideoak saria irabazi du Uemako lehiaketan
Euskararen arnasguneak zer diren azaltzen du Idiazabalgoak, Arnasetik bideo-sormen lehiaketara aurkeztutako lanean. Epai mahaiak bideoan erakutsitako maila teknikoa nabarmendu du.
Idiazabalgo Sugaar Zapirain Larrañagaren Zer dira arnasguneak izenburuko bideoak Udalerri Euskaldunen Uema Mankomunitateak antolatutako Arnasetik bideo-sormen lehiaketako sarietako bat irabazi du, baita publikoak emandako beste sari bat ere. Joan den ostiralean jaso zituen bi aipamenak idiazabaldarrak, Amasa-Villabonako Gurea antzokian ospatutako galan.
Uemaren Arnasetik lehiaketaren helburuak arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea, eta nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea ziren. Bideo lehiaketara euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte arteko 99 gaztetxok parte hartu dute, hiru kategoriatan banatuta.
Zapirainek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailen kategorian parte hartu du, beste 51 gaztetxorekin batera. Partaideek bideo-tutorial bat egin behar izan dute youtuber estiloan. Kategoria honetan bi lanen arteko berdinketa izan da, eta idiazabaldarrarekin batera, Leitzako (Nafarroa) Naiara Juanikorenaren Ni naiz ni bideoa ere saritu dute, “egilearen freskotasuna” nabarmenduz. Zapirainen lanetik, “erakutsitako maila teknikoa” goraipatu dute.
Kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.