Legorreta, Goierriko bertsolari gazteen bilgunea
Legorretako Gazte Festen baitan Goierriko hainbat bertsolari elkartu ziren errimak lotzeko. Hodei Lopez legorretarra, German Urteaga eta Maddi Aiestaran beasaindarrak eta Gorka Maiz gabiriarra izan ziren kantuan. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Aizpea Garmendia lazkaotarra ibili zen. 60 bat pertsona elkartu ziren plazako karpan bertso-saioaz gozatzeko asmoz eta, orokorrean, entzuleak gustura atera ziren bertsolariek emandako mailarekin.
Aizpea Garmendiak hasierako agur bana eskatu zien lau bertsolariei. Ondoren, binaka hasi ziren kantuan: Maizen eta Urteagaren txanda izan zen lehenengoa eta Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia martxan dela kontuan izanik, hau hartu zuten hizpide. Jarraian, Aiestaran eta Lopez aritu ziren, merkatari paperean sartuta. Martxoaren 8a —emakume langileen nazioarteko eguna—, azaroaren 25a —emakumeen aurkako indarkeriaren eguna— eta halako egun esanguratsuak gehiago saltzeko trikimailutzat erabiltzearen inguruan.
Banaka aritzeko tartea hartu zuten segida. Urteaga hasi zen: harreman toxikoak izan zituen hizpide; ondoren, Lopez eta Maiz aritu ziren, bikote paperean. Gorkak Hodeiri asteburupasa bat proposatu eta Gazte Festak direla eta ezezkoa eman diolako egoerari buruz kantatu zuten.
Koplen tartea heldu zen segidan. German eta Hodei kirol entrenatzaile paperean aritu dira, eta Maddi eta Gorka, aldiz, entrenamendu zerbitzu hori eskatu dutenenean.
200 lagun bazkaltzen
Saioak aurrera egin ahala, berriro banakako txanda iritsi zen, eta Hodei jarri zuten mikrofono aurrean, besteek «kalabazak eman» dizkielako egoeran, eta gainontzeko bertsolariek erantzuteko aukera izan dute. Ondoren, Gorka eta Maddi aritu zirem binaka, euskalgintza hizpide.
Saioa amaitze aldera, pertsonaia ezkutuaren ariketa egin zuten. Lehenengo Lopez aritu zen asmatzen eta Maiz pistak ematen, pertsonaia ardia zutela. Nahikoa kosta zitzaion Hodeiri pertsonaia asmatzea eta pista artean jolasean aritu zen Gorka. Garmendiak emandako bigarren pertsonaia Oihana Iguaran zen. Urteagak erraz asmatu zuen Aiestaranek emandako pistekin.
Saioa borobiltzeko bertsolari bakoitzak agurra eskaintzeko aukera izan zuen.
Saioko argazkiak ikusteko jo Goierriko Hitzaren webgunera. Legorretako Gazte Festen beste hainbat ekintzetako argazkiak ere bertan daude. Esaterako, gazte bazkarikoa. 200 lagun baino gehiago eseri ziren mahaian elkarrekin bazkaltzeko. Bart amaitu dituzte festak.












