Aitor Esnaola espetxera berriz ere, helegite bat tarteko
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak preso legorretarrari emandako hirugarren graduaren aurka fiskaltzak jarritako helegitea onartu du.
Aitor Esnaola Dorronsoro preso legorretarra Martuteneko (Donostia) espetxera bueltatu behar izan du gaur arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak preso gipuzkoarrari emandako hirugarren graduaren aurka fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.
Esnaolak, bigarren gradura itzuli, eta espetxera bueltatu behar izan du. Legorretako presoak 11 urte eta erdi daramatza espetxean. 2020an, bere kondenaren erdia bete zuen urtean hain justu, Ocañako (Espainia) espetxetik Soriako (Espainia) espetxera lekualdatu zuten eta, azkenik, Martutenera. 2022ko maiatzean 3hirugarren gradua eman zion Esnaolari Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak, aurretik tratamendu-batzordeak hirugarren gradua lortzearen aldeko proposamena egin ondoren.
Egun gutxiren buruan beste hiru presok itzuli behar izan dute kartzelara, hirugarren gradua kendu ostean: Xabier Atristainenek, Gorka Martinezenek eta Iñaki Bilbaok. Etxeratek «haserrea eta ezinegona» adierazi ditu, «beste behin». Mobilizazioak iragarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, arrazoi teknikoak argudiatu ditu helegiteak onartzeko.
Lierni Armendaritz preso goierritarra kalean dago hirugarren graduarekin.