Igandera arteko egitarauarekin datoz Lazkaoko Gazte Festak
'Gazteok euskara borrokatzeko molde berriak' lelopean egingo den hitzaldiak irekiko du egitaraua. Aldarrikapena, musika eta parranda giroa uztartuko dituzte.
Gazte festak ospatzeko gertu daude Lazkaon. Gaurtik hasita igandera arteko egitaraua antolatu du Lazkaoko Gazte Asanbladak, gaiaren araberako eragileen laguntzarekin.
Gaur arratsaldean, festei hasiera emateko, hitzaldia izango da. Gazteok euskara borrokatzeko molde berriak lelopean Gazte Euskaltzaleen Sareak hizkuntzaren auzia mahai gainean jarriko du. Gerriko Kultur Elkartean izango da hitzordua, 18:30etik aurrera.
Bihar, osteguna, beste aldarrikapen bat hartuko dute gazteek. Kasu honetan, feminismoa landuko dute. Autodefentsa feministaz armatuta gaude lemapean, manifestazioa egingo dute. Herriko plazatik abiatuko dira, 19:32an.
Ostiraletik aurrera, festa giroa nagusituko da. Ostiralean bertan, taloak banatuko dituzte herriko plazan. Musika ere izango da arratsaldea girotzeko. 19:28tik aurrera izango da. 20:00etan berriz, elkarretaratzea deitu dute, Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera lemapean. Eta, ondoren, Gildaren kontzertua izango da. Gauean berriz, DJ Txillardegi igoko da oholtzara.
Musika gehiago
Larunbatean poteo musikatua izango da lehenik, Herrikotik abiatuta. 13:01ean entzungo dira lehen notak. Gazte argazkia aterako dute 14:29ean eta, jarraian, mahaiaren bueltan eseriko dira bazkaltzera. Tiketak hartu behar dira aurretik. Herriko, Giroa eta Zelatan tabernetan daude salgai.
Arratsaldean, poteoarekin jarraituko dute, elektrotxarangaz girotuta, eta 22:00etatik aurrera Zopilotes Txirriaos, Pleura eta Gora Etorri taldeen kontzertua izango da.
Igandean, txosnaren desmontaia egingo dute. Lazkaotar gazteen laguntza eskatu dute.