Kortariako Julen Arburua irabazle Ordizia Txapeldun lehiaketan, bigarren urtez segidan
Bigarren saria Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk jaso du, eta hirugarrena Ilarduiako (Araba) La Lezeko Eli Gorrotxategik.
35. Ordizia Txapeldun lehiaketa egin da goizean Ordiziako plaza nagusian, asteazkeneroko azokarekin batera, udalak Idiazabal Gazta Kofradiaren laguntzarekin antolatuta. Urtero bezala, azken 10 urteetan Ordiziako Gazta Txapelketan irabazle izan diren gaztagileek aurkeztu dituzte haien gaztak. Aurten, 2013 eta 2022 arteko irabazleen txanda izan da. Kortariako Julen Arburuak jaso du lehen saria, 9,14 puntu lortuta. Urrezko Gazta ere jaso du, 8,5 puntutik gorako emaitza lortu duelako haren gaztak. Bigarren urtez segidan irabazi du sariketa, iaz ere, 2021eko Ordizia Txapeldun lehiaketan, Arburua izan baitzen garaile.
Remiro gaztandegiko Ricardo Remiro Aguirrek (2013an irabazle), Ondarreko Karmele Muruak (2014an), Ipiñaburuko Jon Etxeberriak (2015), Otatzako Joseba Insaustik (2016), Agerre-Buruko Jose Luis Odriozolak, Kortariako Julen Arburuak (2018 eta 2019), Larreako Gaztako Patxi Lopez de Uraldek (2020), Ondarreko Eneko Goiburuk (2021) eta La Lezeko Eli Gorrotxategik (2022) parte hartu dute sariketan. Ondarrekoek eta Kortariakek bi aldiz irabazi dutenez Ordiziako Gazta Txapelketa azken 10 urteetan, 8 gaztandegitako 10 gazta izan dira.
Arburua “oso pozik” agertu da lehen saria jasotzearekin: “Gazta txukuna zen, baina besteek ere ona dute eta puntuen arabera atzetik zein aurretik gera zaitezke”. Bigarren postua Segurako Ondarre gaztandegiko Eneko Goiburuk lortu du, 8,74 punturekin, eta hirugarren saria, aldiz, La Lezeko Eli Gorrotxategik jaso du, 8,73 punturekin. Epaimahaia Patxi Perez Elortondo eta Maria Jose Garcia teknikariek, Gorka Rico eta Arantxa Agirrezabala sukaldariek, Aitzol Zugasti eta Eli Belauntzaran kazetariek eta Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak osatu dute.