Mutiloako San Martinetako azokak txerriari probetxua aterako dio
Igandean egingo dute Mutiloako XIV. Txerri Azoka. Txerri erretzea eta dastaketa, eta txorizo eta odolki dastaketak egingo dituzte, besteak beste.
Txerriaren atal guztiak aprobetxagarriak direla esaten da, eta mutiloarrek zorrotz betetzen dute uste hori. Lau hankako animalia honen inguruan festa ederra antolatzen dute urtero, eta hamalaugarren edizioa ere prest dute. Aurtengo Mutiloako txerri azoka igandean izango da
10:00etan hasiko da azoka. Haurrei bideratutako hainbat eskulan ikastaro izango dira, alde batetik. Txerrikiak salduko dituzten hainbat postu ere egongo dira, bestetik. Jatorri ezberdinetako ekoizleak izango dira Mutiloan, eta bakoitzak bere kulturaren araberako produktuak eskeiniko ditu. Probatzeko aukera ere egongo da: odolki eta txorizo dastaketak egingo dituzte, urdaizpikoa zuzenean moztuko du aditu batek eta jateko emango du, txerria erreko dute parrillan…
Bi ordu egingo ditu gutxienez txerriak sutan. 12:00etan hasiko dira banatzen. Aldi berean, odolkiak egiteko ikastaroa ere eskainiko dute.
Bazkaria
Txerri azokaren aitzakian herri bazkaria antolatu dute iganderako. Babarrunak jango dituzte, sakramentu eta guzti. Postrea eta kafea ere izango da.
Gaur da sarrerak erosteko azken eguna. Ostatuan eta udaletxean daude salgai, 20 euroan.