Olano harategiak odolki lehiaketako bolada onarekin jarraitu nahi du
Olano harategiko Jose Manuel Olanok eta Loinaz Usabiagak zortzi txapel lortu dituzte bata bestearen atzetik. Parte hartzaileek etzi aurkeztu beharko dute generoa.
Beasaingo Odolki Lehiaketa irabazi nahi duenak Olano harategia menderatu beharko du. Jose Manuel Olanok eta Loinaz Usabiaga bikoteak irabazi dituzte azken zortzi txapelak. Larunbatean jakingo da bederatzigarrena ere lortuko ote duten ala norbait bolada eteteko gai izango den.
Lehiaketa bazperan hasiko da, etzi. Parte hartuko duten ekoizleek generoa Bareak elkartean entregatu beharko dute 16:00etatik 21:00etara bitartean. Hamalau odolki pieza aurkeztu behar dituzte, derrigorrez. Iaz hamaika ekoizle aurkeztu ziren.
Epaimahaia ere «ospe handiko gastronomia adituek eta sukaldariek» osatuko dutela aurreratu du antolakuntzak. Beasaingo Odolkiaren Kofradiako kideak ere epaile lanetan arituko dira. itxura eta hestea, ebakidura, zaporea, usaina eta osagaien txikitze tamaina ebaluatuko dituzte.
Aurkeztutako odolkiak ausaz epaileen artean banatuko dituzte. Bakoitzak bere multzoko onenak aukeratu beharko ditu. Galbahea pasata, denek dastatuko dituzte odolkiak. Bi faseetako puntuak batuta gehien dituenak eramango du 300 euroko saria eta garaikurra. Sari banaketa 13:00etan izango da.
Azoka, bueltan
Odolki Lehiaketa ezin izan dute bete betean antolatu azken bi urteetan. 2020an erabat bertan behera utzi zuten eta iaz lehiaketa besterik ez zuten egin, dastaketarik gabe. Aurten lehiaketara gerturatzen direnek probatzeko aukera izango dute. Bertako elikagaien azoka ere egingo dute.