Mundu mailako Moto 3 txapelketan parte hartu du, Junior GP kategorian, eta 18. postua lortu du sailkapen nagusian.
Lasterketak amaitu berritan, Xabi Zurutuza moto pilotu legazpiarrak hurrengo denboraldia ere MTA talde italiarrarekin egingo duela ziurtatu du. Junior GP kategorian aritu den lehen aldia izan da, eta mundu mailako Moto3 txapelketan lehiatu da, amaieran 18. postua eskuratuz.
Aurtengoa, urte “nahiko zaila” izan dela aitortu du Zurutuzak, kategoria berrian lehenengoa izanda “asko zegoelako ikasteko” eta, era berean, talde berri batean egokitu behar izan duelako. Gainera, pilotukide asko esperientzia handikoak ziren, “3 eta 6 urte bitarteko esperientzia zuten kategoria horretan”, eta asko borrokatu behar izan du horiengandik gertu ibiltzeko. “Egia esan, urtea bukatu baino hobeto hasi nuen, zeren eta lasterketa guztietan puntuak lortzen ibiltzetik eta lehen 15en artean sailkatzetik, punturik ez lortzera pasa naiz azken probetan”. Aurtengo bere posturik onena hamargarrena izan dela, eta guztira 85 puntu metatu dituela gogoratu du, eta horrek sailkapen nagusian 18. postua eman dio. Balorazioa egitean, “eskarmentu handiko urtea” izan dela esan du, “baina ona finean”.
MTA taldea ere pozik agertu da Xabi Zurutuzak egin duen bilakaerarekin eta, beste urte batez luzatu diolako kontratua. Datorren urtean ere talde italiarraren koloreak defendatuko ditu kategoria horretan bertan, Junior GP-n.