Hurrengo faserako sailkapena zaildu egin zaie Goierriko bertsolariei
Bertsolari Txapelketan lehian ari diren Elustondo eta Apalategi 14. eta 15. postuetan daude sailkapen nagusian, saio baten faltan. Finalaurrekoen lehen itzuli honetan parte hartzen ari diren 24 bertsolarietatik 18 igaroko dira bigarren itzulira.
Irungo Ficoban asteburuan jokatu den finalaurrekoen hirugarren saioko emaitzek ez dute onik ekarri Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian oraindik lehian diren Iñaki Apalategi eta Nerea Elustondo goierritarrentzat.
Sustrai Colinak finalaurrekoen bigarren itzulirako zuzeneko txartela eskuratu zuen larunbatean 710 punturekin, eta urruñarrarekin batera parte hartu zuten Nerea Ibarzabal (673 puntu), Jone Uria (660,5 puntu), Miren Artetxe (644,5 puntu), Maddalen Arzallus (635 puntu) eta Ane Labaka (631,5 puntu) Elustondoren eta Apalategiren aurretik jarri dira sailkapen nagusian.
19 bertsolarik aurrera
Elustondo legazpiarra 14. postuan da une honetan Donibane Garazin eskuratutako 628 punturekin, eta 15.ean Apalategi beasaindarra, Elizondon lortutako 623 punturekin. Finalaurrekoen lehen itzulitik 18 bertsolari igaroko dira hurrengo fasera, eta oraindik saio bat falta da, Durangon larunbat honetan egingo dena.
Finalaurrekoen lehen itzuli honetan 24 bertsolari ari dira lehian, eta puntu gutxien lortzen duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Bigarren itzuli horretan hiru saio egingo dira: Amurrion hilaren 19an, Baionan hilaren 26an eta Bilbon abenduaren 3an. Final handia abenduaren 18an izango da, Iruñean.