Koke Lasa mendizaleak alpinismoaz eta mitologiaz hitz egingo du ostiralean
Ormaiztegiko mendizaleak ikus-entzunezkoa eskainiko du Legazpiko Kultur Etxean.
Koke Lasa mendizale ormaiztegiarra Legazpin izango da ostiralean, alpinismoaz eta mitologiaz hitz egiteko. Aketegiko Mari, alpinismoa eta mitologia uztartzen ikus-entzunezkoa eskainiko du Kultur Etxean, 19:00etan.
Lasak azaldu duenez, “ez da mitologia edo alpinismoari buruzko emanaldi soila, kontakizun bat baizik”, eta Euskal Herriko paisai ederrez “ezohiko begiradaz” gozatzeko aukera eskaintzen du.
Kontakizun horretan, gazte mendizale batzuk Aketegiko Mari eta bere haitzuloa aurkitzeko ahalegina egingo dute. Horrek eramango ditu Aizkorrira, hainbat korridore igotzera (alpinismoa) eta gainera, Mariren beste zenbait bizileku bisitatzera: Txindoki, Murumendi, Anboto, Itxina, Aloña, Putterri… labur bada ere. Tartean Mariri buruzko aipamenak egiten dira.