Olentzero eta Mari Domingi hasi dira Mirandaolan haurren bisitak jasotzen
Lenbur Fundazioak antolatutako tailerrei esker, 8.000tik gora lagun hurbilduko dira Legazpira Gabonak bitartean.
Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira Mirandaolara, eta Gabonak bitartean, bertan izango dira astebururo Euskal Herriko 8.000tik gora lagunen bisitak jasotzeko prest. Lenbur Fundazioak hasi du urteroko kanpaina.
Irailean ireki zuen Lenburrek tailerretarako izen-emate epea, eta txanda gehienak beteta badaude ere, oraindik badago tokia hainbatetan. Izena emateko 943 73 04 28 zenbakira deitu daiteke, edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidali.
Hamaika urteko ibilbidea
Duela 11 urte sortutako tailerrak dira Olentzeroren ingurukoak, eta aurtengoan berritasun nabarmenarekin egingo dira, Mari Domingi elkartu zaiolako pertsonai mitiko horri.
Tailerra Euskal Burdinaren Museoan hasten da, Olentzero eta Mari Domingiri buruzko ipuin kontaketa batekin. Gero, Burdintxo pertsonaiak lagunduta, bisitariak parkera ateratzen dira, burdinolarako ikatzarekin eta sendabelarrekin menditik datozen bi pertsonaien bila. Burdinolara joaten dira gero, eta han gutunak eta bestelako opariak emateko aukera izaten dute haurrek, baita argazki ugari ateratzeko ere.
Olentzero eta Mari Domingi ikustera 8.000tik gora pertsona joango dira, eta jende kopuru horrek Mirandaolan sortuko duen mugimendua herrigunera ere iritsiko da, familia askok bisita luzatu eta Legazpiko taberna eta jatetxeetan kontsumitzen dutelako.