'Apaiz kartzela' dokumentala emango dute igandean Herri Antzokian
Ondoren, solasaldia izango da Xabier Amurizarekin eta Ritxi Lizartzarekin.
Apaiz kartzela dokumentala emango dute igandean Legorretako Herri Antzokian, 18:00etan. 1968 eta 1976 urteen artean Zamorako apaizen kartzelan preso egon ziren lau apaiz presondegira itzultzen dira. Haietako batzuek 10 urtetik gorako zigorrak jaso zituzten frankismoaren errepresioa salatzeagatik. Konkordatu-kartzela hori Francok berak sortu zuen, Vatikanoarekin sinatutako Konkordatua baliatuta. Abadeentzako kartzela bakarra izan zen munduan. Apaiz horiek jasandakoa oinarri, ezezaguna den istorio hori berreskuratzen du dokumentalak.
Dokumentalaren ondoren, filmaren zuzendarietako bat den Ritxi Lizartzarekin eta kartzelaldia jasan zuen Xabier Amuriza apaizetako batekin solasaldia izango da.