Beasain KEko entrenatzaile Igor Gordobilentzat izan da Golsmedia saria
2021-2022 futbol denboraldiko hirugarren federazioko laugarren multzoko entrenatzaile onenaren kategoriako saria jaso du Gordobilek. Aitor Lorea, jokalari onenaren saria jasotzeko hautagaien artean geratu da.
Beasain KE-ko entrenatzaile Igor Gordobilentzat izan da Golsmedia saria, futboleko 2021-2022 denboraldiko hirugarren federazioko laugarren multzoan. Atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia, La Rozasen, Madrilen. Espainiako Futbol Federazioak babestutako ekitaldia da.
Hiru ziren saria jasotzeko hautagaiak, Karlos Gurpegi, CD Basconiako entrenatzailea, eta Toni Seligrat Alaves Bko misterra -Athletic eta Alaveseko filialak talde biak- ziren beste bi hautagaiak. Baina epaimahaiak, Gordobilen aldeko bozka eman zuen. Hirugarren mailako laugarren taldeko entrenatzaile onena aukeratua izateko, multzo honetako entrenatzaileen botoak (% 50), Golsmedia.com-eko irakurleen botoak (% 25) eta maila horretako prentsako adituen botoak (% 25) hartu dira kontuan.
Denboraldi bikaina
2021-2022 denboraldian bigarren RFEFra igo zen Beasain KE. Denboraldian zehar jokatu zituzten 38 partidatik, 19 garaipen, 13 berdinketa eta 6 porrotekin, 70 puntu gehitu eta sailkapeneko bigarren postuan kokatu ziren Gordobilen mutilak. Hasiera batean zalantzak ere sortu ziren, baina arrasatearraren eskutik erabat geldiezina izan zen taldea. Hala, bera da Golsmedia sariaren jabea.
Aitor Lorea hautagaien artean geratu da
Bestalde, aipamen berezia ere, Aitor Lorea lehen taldeko jokalariari, izan ere, Golsmedia saria jasotzeko hautagaien artean zegoen, 2021-2022 denboraldiko jokalari onenen kategorian. Hiru hautagai ziren kategoria honetan ere, eta SD Leioa taldeko Julen Huidobrok jaso zuen saria. Beste hautagaia zen Pasaia KEko Mikel Rodriguez.