Errigoraren saskiak eskatzeko azken egunak
Azaroaren 10a, osteguna, da eskaerak egiteko azken eguna.
Errigorako saskia eskatzeko epea aste honetan amaituko da; azaroaren 10era arte izango baita eskaerak egiteko aukera. Gogoratu, hiru saski desberdin daudela aukeran, guztiak, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuak dituzte. Saskiekin lortutako diruaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio.
Hala, «2013tik 1.635.000 euro baino gehiago» bideratu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dituzte.
Bat egiteko garaia da aurtengo leloa. Lehenik, «zonifikazioa gainditzeko garaia delako». Bigarrenik, «Agerrean bereziki, euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzako aldekotasun berriak biltzeko garaia delako». Hirugarrenik, «Agerreko euskaltzaleak bildu eta aurrerako bidea bateratzeko garaia delako». Eta laugarrenik, «Nafarroarekin bat egiteko garaia dugulako euskal herritarrok orohar, herri senez, euskarari mugak kentzeko eta elkarrekin aritzeko».
Eskaerak nola egin
Eskaerak, errigora.eus webgunean egin behar dira. Bertan kontsultatu daitezke saski bakoitzak dituen produktuak, baita banaketa puntuak ere.