Indarkeria matxista salatzeko sormen lehiaketa deitu dute Lazkaon
Edozein sorkuntza egin daiteke, baina lanak bideo formatuan aurkeztu beharko dira. Epea azaroaren 25era artekoa da.
Azaroaren 25eko emakumeen aurkako indarkeria gaitzesteko eguna ate joka den honetan, Lazkaoko Udalak III. Sormen Lehiaketa antolatu du. Indarkeria matxista salatzea eta horren aurkako aldarriak plazaratzea du helburu, Lazkaon ere ez dugu indarkeria matxistarik onartuko goiburuarekin. Landu beharreko gai zehatza, berriz, “indarkeria matxista sare sozialetan” da. Lanak aurkezteko epea azaroaren 25era artekoa da, berdintasuna@daiteke.com helbidera bidalita.
Bideo formatuan aurkeztu behar dira lanak, baina horietan edozein sorkuntza mota azaldu daitezke: marrazkiak, eskulturak, argazkiak, bertsoak, idazkiak, irakurketak, dantzak, antzerkiak… Bideoak gutxienez 3 segundoko iraupena izan behar du, eta gehienez 300 segundokoa (5 minutu).
Banaka zein taldeka parte har liteke. Lazkaon erroldatutako herritarrentzat da lehiaketa; adin txikikoek larri baten ardurapean aurkeztu behar dute lana. Bi sari izango dira: 150 eurokoa eta 50 eurokoa, Lazkaoko dendetan erabiltzeko bonu modura. Puntuaketa bat emango diete lanei.