Majori tabernako langileek greba eten dute, behin hitzarmena sinatuta
Majori tabernako langileek ia hogei egun egin dituzte greba mugagabean bigarren aldi honetan; uztailean bi hilabete egin zituzten. Akordioa «positiboa» da ELArentzat

Ordiziako Majori taberna langileek greba bukatutzat jo dute enpresako lehen hitzarmena sinatu ondoren. Hala jakinarazi zuen ELA sindikatuak ohar bidez ostiralean, eta akordio horren «balorazio oso positiboa» egin du.
Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du eta, besteak beste, soldata igoera, lan orduen muga, atsedenaldirako eskubidea eta polibalentzia plusak jasotzen ditu.
Langileek hemeretzi egun egin dituzte greba mugagabean. Kexu ziren ez zituztela lan baldintza egokiak, besteak beste, hamaika urte zeramatzatelako soldatak izoztuta.
Protestak, baina, atzerago hasi zituzten. Uztailean hasita bi hilabete egin zituzten greban. Udalak kiroldegiko enpresa ustiatzaile berria esleitu zuela ikusita greba etetea erabaki zuten, negoziaketak errazteko. Ezer lortu ez zutela ikusita berriz ere presio neurriak hartzea erabaki zuten «Argi dago beste behin borrokak merezi duela», nabarmendu du ELA sindikatuak ohar bidez.