Trafiko ordenantza berrituak eragina izango du ibilbideetan, zamalanen ordutegian eta matrikulen kontrolean
Udal gobernuak azaldu du, "Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren diagnosiak utzitako ondorioen arabera" proposatutako aldaketak direla. Eusko Alderdi Jeltzaleak (10) eta Alderdi Sozialistak (2) alde bozkatu zuten eta EH Bilduk (5) abstentziora jo zuen.
Trafiko ordenantzak aldaketak izango ditu Beasainen. Erabakiak aldaketak eragingo ditu ibilbideetan, zamalanen ordutegian eta matrikulen datu base eta kontrol sisteman. Udalaren helburu nagusia da “oinezko guneek jasaten duten trafikoa murriztea eta modu eraginkorragoan kudeatzea”. Udal gobernutik azaldu dutenez, “Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren diagnosiak utzitako ondorioen arabera” egin dira aldaketa hauek jasotzen dituen eta urriko osoko bilkurara eraman zen proposamena. Eusko Alderdi Jeltzaleak (10) eta Alderdi Sozialistak (2) alde bozkatu zuten eta EH Bilduk (5) abstentziora jo zuen. Datozen egunetan etxebizitzetako atarietan oharrak jarriko dira, tokian tokiko bizilagunei dagozkien ibilbide eta ordutegi berriak modu labur eta praktikoan azaltzeko. Merkatari eta ostalariei dagokionez, Udaleko Merkataritza sailetik jarriko dira kontaktuan sarrera baldintza berriak komunikatzeko.
Ibilbide aldaketak
Ordenantzaren aldaketaren ondorioz, ibilbide aldaketak izango dira. Batetik, Kale Nagusiko 15-46 zenbakietako egoiliarrek Andra Mari kaletik irteteko egungo aukeraz gain, bigarren aukera bat ere izango dute; J.M. Iturrioz 16tik irtetea. Orain, ezingo dute Bideluze plaza zeharkatuz irten. Aldiz, Bideluze Plazara, J.M. Iturriotz 1-16 zenbakietara eta Arana kalera iristeko, Zaldizurreta kaletik sartu beharko dute, bai bizilagunek eta bai zamalanak egin behar dituztenek.
Bestetik, Lorategi kaleko jaitsiera itxiko dute, Bideluze Plazaren ingurua babesteko helburuarekin eta jaitsiera hori lasterbide bezala erabiltzea ekiteko.
Zamalanetarako ordutegia
Trafiko ordenantza berrituak, merkataritza eta zamalanen ordutegian aldaketak ekarriko ditu.Gehienez ordubete egon ahal izango dira ibilgailuak. Oinezko gunean dauden merkatariak aldiz, une oro sartu ahal izango dira, 17:00etatik 20:00etara ezik, oinezko gehien egoten den ordutegia da arrazoia. Saltoki bakoitzak bi ibilgailu baimendu ahal izango ditu.
Astearteko azokara doazen ekoizleek, goizeko 6:00ak eta 8:00ak bitartean egingo dute sarrera, eta 12:00ak eta 14:00ak bitartean irteera. Larunbatetako azoka denean aldiz, ordutegia apur bat berandutuko da: 8:00ak eta 10:00ak eta 12:30ak eta 14:30ak bitartean, hurrenez hurren.
Matrikulen kontrol sistema
Ordenantza berrituagatik, ibilgailuen sarrera eta kudeaketarako aldaketak txertatzen dira. Hori horrela, garaje edota aparkaleku plaza bakoitzeko, gehienez bi ibilgailuren matrikulak baimenduko dira. Aldi berean, oinezko gunean bizi eta bertan erroldatuta egonik, nahiz eta jabetzan ibilgailurik ez eduki, bi ibilgailurentzako sarrera baimena eduki ahal izango du etxebizitza bakoitzak. Baimenak lortzeko, kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Udaltzaingoak ibilgailuen matrikulen datu basea eguneratzen duenean (azaroan), sarrera-irteeren kontrola matrikulak irakurtzeko gaitasuna duen kamara sistema berriaren bitartez egingo da.
Baimena eskuratzeko prozedura
Oinezko gunean ibilgailuarekin sartzeko baimena lortzeko, erabiltzaile guztiek ibilgailuen matrikulak eguneratu beharko dituztela jakinarazi du Udalak. Horretarako, bi aukera egongo dira: Igunera bertaratuz edo Udaleko webgunean telematikoki eginez. Eskaerak, azaroaren 14tik aurrera egin ahalko dira eta abenduaren 2a izango da azken eguna. Araudi egokitua, abenduaren 5ean sartuko da indarrean.