Txikizioek eta axio arriskutsuek jarraitzen dute Ataunen
Azken aldian gertatu diren "hainbat gertakari larri" salatu ditu Ataungo Udalak, eta herritar guztiei eskatu die "bakoitzari dagokion eremuan" horien hausnarketa eta gogoeta egiteko.
Ataunen azkenaldian egin dituzten zenbait txikiketa eta axio gaitzetsi ditu udalak. Aurtengo lehen salaketa publikoa ez da, apirilean ere antzeko gertakari batzuen berri eman eta deitoratu baitzituen. Gaur, asteartea, zabaldutako ohar batean, eta ate joka diren San Martin jaietako halako jarrerak saihesteko, herritar guztiei egin die hausnarketarako eta gogoetarako deia.
Salaketaren arabera, urriaren 30ean San Gregorioko portu gainean auto bati paperez eta urez betetako “bola gogor batzuk” botata “eraso” egin zioten. San Martinen, plazako Botika-etxera eta Errotazarrera hainbat aldiz sartu direla gaitzetsi du udalak. Utzita daude aspaldian, eta barruan ibiltzearen arriskua iradoki dute: “Dauden egoeran egonda, benetan da arriskutsua”. Inguruko zuhaixkak hautsi dituztela ere gehitu du udalak ezegitekoen zerrendara.
Gertakari horien aurrean, herritar guztiei eskatu die “bakoitzari dagokion eremuan” gai horien inguruan hausnartzeko eta gogoeta egiteko. “Udalak dagokion ardurak eta neurriak hartu ditu, baina ez dugu uste salaketa eta isunen bidez bakarrik konpondu daitekeenik”.
San Martingo festei begira, arduraz jokatzeko deia eta herria “txukun eta garbi” mantentzeko eskakizuna egin ditu udalak.