Hurrengo urteko aurrekontuetarako herritarrek proposatutako inbertsioak aukeratu ditu udalak
Itxaropeneko haur-eskolako parkea berritzea, Plazaolako garajeetarako sarbidea asfaltatzea, ur-zurrusta gune bat eta txakurrentzako parke bat sortzea eta kiroldegiko kantxaren zorua aldatzea jasoko ditu 2023ko aurrekontuetan.
Aurten ere legazpiarrek proposamenak egin dituzte hurrengo urteko aurrekontuei begira, eta udalak aukeratu ditu horien artetik gauzatuko dituen inbertsio proiektuak. Koldobike Olabide alkateak jakinarazi du zeintzuk izango diren proiektu horiek.
Legazpiarrek egindako 36 proposamenen artean, Itxaropeneko haur-eskolako parkea berritzea, Plazaolako garajeetarako sarbidea asfaltatzea, ur-zurrusta gune bat eta txakurrentzako parke bat sortzea eta kiroldegiko kantxaren zorua aldatzea aukeratu ditu udalak 2023ko aurrekontuetan sartzeko, eta gauzatzeko.
Atzera botatakoak eta geroratutakoak
Gainerako proposamenen artean, batzuk atzera bota dituzte hainbat arrazoi tarteko. Onartu ez direnak, besteak beste, lur pribatuetan egitekoak dira, 50.000 eurotik gorako inbertsioa eskatzen dute, Eusko Jaurlaritza edo Sasieta Mankomunitatea bezalako erakundeen eskumenekoak dira edo Hirigintza Antolamendu Orokorreko Plangintzan lantzekoak dira.
Beste proposamen batzuk, berriz, aurrerago egiteko utzi dituzte. Hala, plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte autobus markesinetan, aparkaleku gehiago jarri eta lorategiak eta argiteria hobetuko dira Urtatzan, Latxartegi parkea berrituko da, Brinkolan komun publikoak jarriko dira, Itxaropen 14tik San Ignazio auzora doan espaloia berrituko da, barandak jarriko dira Aizkorri 22-24ko atzealdean, eta Urtatzako igogailuaren inguruan dauden aparkaleku-plazak berriz margotuko dira.
Azkenik, proposamen bat gauzatzen ari da dagoeneko, premiazkoa zelako. Ardanbidetan Kimu-Berri aterpetxearen itxitura puskatuta dago eta itxitura aldatzen hasiak dira.
Herritarren partaidetza, 2016tik
Aurrekontu parte hartzaileen prozesua 2016tik erabiltzen du udalak, urtero herritarrek proposatutako sei proiektutan banatzeko 300.000 euro eskainiz, proposamen bakoitzeko 50.000 euro. Aurten irailean jarri zuen martxan partaidetza prozesua hurrengo urteari begira, eta 28 legazpiarrek parte hartu dute, 36 proposamen eginez. Aurreko ekitaldiekin alderatuta, jende gutxiagok parte hartu du, baina proposamen kopurua antzekoa izan da.
|
||
|
||
|
||
|
||