Indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzat babes pisua eskatu dute
Itaiak eta Indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladak Beasaingo Udalari eskatu diote emakumeak babesteko etxebizitzak gaitu ditzala. Egungo eskaintza faltsua dela diote
Goierriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak eta Indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladak eskaera zuzen bat egin diote Beasaingo Udalari: etxe giroan indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako babes pisua jartzeko. Joan den larunbatean prentsaurreko baten bidez egin zioten eskari hori udalari.
«Babes sozial zein baliabide ekonomikoen gabezian aurkitzen diren emakume langileek ez dute egoera horretatik ateratzeko aukera duinik herrian. Izan ere, gaur-gaurkoz, Beasainen ez da existitzen egoera horri aterabidea emango liokeen babes pisurik. Hori gutxi balitz, gogor salatu nahi dugu udalak ez duen baliabide bat eskaintzen duela faltsuki bere web orrialdean», salatu du Goierriko Itaiak.
Informazio «faltsu hori emakume langilearenganako engainu bat» da, eta gainera, «berdintasun aldarriekin lortu nahi duten aurpegi zuriketaren atzean ezkutatzen den borondate eta baliabide ezaren isla da».
Itaiako kideak jakitun dira babes pisu batek ez diola indarkeria matxistaren errealitateari «aterabide errealik» ematen. «Izan ere, ulertzen dugu indarkeria matxistarekin amaitzeko martxan jartzen dugun borroka orok helburu izan behar duela egoera hau normalizatzen duen gizarte eredua gainditzea». Hori dela eta, babes pisuak «beharrezko eta oinarrizko babes mekanismo modura» ulertzen ditu Itaiak, eta uste du herri guztietan egon beharko liratekeela.
Horregatik, «hain oinarrizkoa den baliabide hori berreskuratzeko» eskatu diote udalari batetik, eta bestetik, «indarkeria matxistari nahiz emakume langileon kontrako zapalkuntzari aurre egiteko instituzio burgesen fartsatik kanpo antolatzeko» deia egin du Goierriko Itaiak.