Ormaiztegiko jai-egitaraurako azal lehiaketan Iñaki Zufiria eta Danel Fortoul saritu dituzte
Helduen mailan zazpi egileren hamar lan, eta hiru haurren irudi bana jaso ditu udalak. Marrazkien kalitate maila altua nabarmendu dute epaileek. Azaroaren 18an hasiko diren San Andres festak iragartzeko programaren azala eta kontrazala izango dira saritutako bi lanak.
Ormaiztegiko San Andres jaien 2022ko egitaraua ilustratuko duten bi irudi aukeratu ditu udalak. Marrazki lehiaketara aurkeztutako 13 lanen artetik aukeratu dituzte bi, bat helduen mailakoa (12 urtetik gorakoak), eta bestea haurren artekoa (12 urtetik behera). Ormaiztegiko udaletxean egin dute sari banaketa, eguerdian, Jon Enrique alkatea eta Ione Usabiaga Kultura zinegotzia buru zirela.
Helduen kategorian, Iñaki Zufiriak irabazi du saria: 300 euro, eta azaroaren 18an hasiko diren San Andres festen egitarauko azal nagusia bere marrazkia izatea. Pozik jaso du saria. “Umetan, Gabonetako marrazki lehiaketan sari bat irabazia banintzen, baina lehenengo saria dut hau”, zioen. Margolan koloretsua aurkeztu du, “ahal zen koloretsuena”. Udaletxea parez pare ageri da, eta danborradaren, Elegante Egunaren eta mozorrotuen festaren osagaiak txertatu ditu bertan. Udaletxearen urdin kolore berria ematearen xehetasuna ere ez zaio ahaztu.
Lehiaketetan sarri aurkeztu ez arren, etxean jaso du aurkezteko animoa. Ama, Laura Zendoia, Zumarragako Zelai-Arizti kultur etxean margolaritzako irakaslea dela azaldu du. “Berak animatu ninduen, eta ideia batzuk ere eman zizkidan”. 20 urte ditu Iñaki Zufiriak.
Haurren mailan, berriz, hiru lan jaso dituzte. Danel Fortoul mutikoari eman diote lehenengo saria, 50 eurokoa. Egitarauaren kontrazalean agertuko da haren marrazkia. Parte hartu duten hiru haurrek jaso dute oparia, hala eta guztiz. Hirutik bi bertaratu dira udaletxera, baita helduen mailan parte hartu duten egileak ere.
Epaimahaikoen iritziz, aurten oro har lanak kalitate “oso onekoak” izan dira. “Aukeratzen asko kosta zaie, maila altua baitaukate denek, bai helduetan, bai umeenean”, azaldu du Ane Aranburu Kultura teknikariak. Lan guztiekin erakusketa jarriko dute bihar, Ormaiztegiko Gizarte Etxearen atarian. Abenduaren erdi aldera arte egongo dira ikusgai.
Festetako egitaraua, berriz, ostiralean (azaroak 11) banatuko dute herriko etxeetara.