Palestinako emakume errefuxiatuen errealitatea ikusgai dago Barrenan
Ostirala izango da 'Begiratu Palestinara' erakusketa interaktiboa ikusteko azken eguna. Errefuxiatuen errealitatea ikusaraztea eta estereotipoak ezabatzea da helburua
Begiratu Palestinara erakusketa interaktiboa ikusgai dago Ordiziako Barrena kultur etxeko erakusketa aretoan. Palestinako emakume errefuxiatuen errealitatea erakusten du, eta errefuxiatuei lotutako zurrumurruen eta estereotipoen aurkako hausnarketa bultzatzea du helburu. Ostiralera arte egongo da ikusgai. 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etik 20:00etara dago irekita. UNRWA Euskadi Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak antolatutako erakusketa da, Ordiziako Udalaren Ordiziakolore programaren barrukoa.
UNRWA Euskadi 2006an sortu zen, euskal gizartean Palestinako errefuxiatuen egoera ezagutarazteko. 2011tik, hezkuntzarako eta sentsibilizaziorako hainbat proiektu kudeatzen ditu. Ekimen pedagogikoen artean kokatzen da Barrenan ikusgai dagoen erakusketa.
Ibilbidea Samirarekin
Gune ezberdinez osatutako ibilbide baten bidez, Ekialde Hurbilean zein Euskal Herrian dauden errefuxiatuen inguruko zurrumurruak askatzea da erakusketaren asmoa. Horretarako, Samira protagonistak gidatzen ditu bisitariak. Lehenengo eremuan, tolerantzia termometroaren galderei erantzunez, bisitari bakoitza dituen aurreiritzien eta estereotipoen jakitun izango da. Estereotipo horiek eta horiei aurre egiteko moduak aurkezten dira ondoren.
Bigarren eremuan, mugikor batzuekin zenbaki batera deitzeko aukera zabaltzen da. Jatorri ezberdinetako emakume palestinarren testigantzak entzuteko aukera dute bisitariek bertan, haien errealitatera gerturatzeko.
Azkenik, hirugarren gunean, errefuxiatuen errealitatera hurbildu direnek egindako ekintzak erakusten dira. Iaz, EHUko Donostiako kanpuseko Hezkuntzako ikasleak eta Leioako Komunikazioko ikasleak, hainbat artistarekin eta Tabakaleraren laguntzarekin, sentsibilizatzeko hainbat pieza sortu zituzten. Horietako batzuk ikusgai daude hirugarren eremu horretan.
Gazan zein Zisjordanian Palestinako errefuxiatuek jasaten dituzten giza eskubideen urraketen berri ematen du erakusketak, arreta emakumeengan jarrita.