San Martin jaiak bihar hasiko dira Ataunen, igandera arte
Patata-tortilla lehiaketa egin eta afalduko dute lehen jardunaldian. Ostiralean, San Martin eguna, jubilatuen eta kuadrillen egunak dituzte. Zapatua umeentzat da, eta igandean mondeju lehiaketak eta bertsoek ipiniko dute bukaera.
Ataungo San Martin auzoan bihar itzuliko dira festa nagusiak. Lau eguneko egitaraua prestatu du Festa Batzordeak. Pandemia aurreko jaietatik aldaketa handirik gabea izango da. San Martin eguna –azaroak 11– eta gertueneko asteburua ardatz hartuko dute. Plazan karpa handia jarriko dute, eta haren barruan egingo dituzte ekitaldi gehienak.
Txupinazoa ostegunean (azaroak 10) 17:00etan botako dute, udaletxetik. Iluntzeko ekitaldi nagusia patata-tortilla lehiaketa izango da. Bikoteka parte hartu ahalko da, eta bakoitzak eraman behar ditu sua, zartagia eta bestelako tresna guztiak. Osagaiak, aldiz, antolatzaileek emango dizkiete: arrautzak, patata eta olioa. Haiek emandakoa ez beste osagairik ezin da erabili. Ordubete izango dute tortilla prestatzeko eta aurkezteko, 19:00etatik 20:00etara. Lehen gaua Pancho Balbuena musikari mexikarrak alaituko du.
San Martin eguna, ostiralean (azaroak 11), bi adin-komunitaterentzat zuzendua izango da. Jubilatuek urteko juntadizoa eguerdian egingo dute, eta bazkaria Aizkoate elkartean dute gero. Aurten 80 urte bete dituzten herritarrei omenaldia egingo diete.
Garaitsu berean elkartuko dira kuadrillak ere, 13:00etan. Haien eguna ere bai baita ostiralekoa. Plazako karpan egingo dute bazkaria. Arratsa eta gaua musikari eskainiak izango dira: Skapaie elektro-txaranga (17:30), John Dealer and the Coconuts (19:30ean, Oargin), eta Gilda eta Muxutruk Erromerie taldeak (23:30ean, karpan) ariko dira. Goizean artzain txakurren erakustaldia ere egingo dute, Tailerreko zubian.
Umeentzako bereziki antolatutako ekintzak larunbatean jarri dituzte. Puzgarriak, toka txapelketa (helduentzat ere bai), umeen bazkaria karpan, haurren askaria eta mozorro festa izango dituzte. Helduak ere mozorrotuta irtengo dira zapatu iluntzean. Sagardo probaketa ere badago, eta herri afaria azkenik.
Azkeneko festa-eguna, igandean, Ataungo XI. Mondeju Lehiaketak hornituko du, eguartean. Jentilbaratza kultur elkarteak antolatuta, 12:30ean hasiko da, karpan. Edozein ataundarrek parte har dezake, izena azaroaren 10erako emanda (649 011 292 edo 686 89 25 07). Bakoitzak 30na euro jasoko du, mondeju-osagaiak erosteko laguntza gisa.
Lehiaketarako mondejuak, egosita eta bere saldarekin, igandean 11:00etarako aurkeztu behar dira, karpan. Lau kana eraman behar dira. Epaimahaikoak 12:30ean hasiko dira dastatzen. Usaina, zaporea, ebaketa eta nahasketako osagaien txikiketa hartuko dituzte kontuan. Hiru sari emango dituzte, 150 euro eta garaikurra, 120 euro eta 100 euro. Mondeju pintxoak jateko aukera ere izango dute herritarrek eta bisitariek.
Otsoak dantza taldearen emanaldiak, eta bertsolari jaialdiak itxiko dute egitaraua. Bost bertsolari ariko dira: Amaia Agirre, Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Miren Artetxe eta Iban Urdangarin.
Ataun San Martingo festen egitaraua 2022:
Azaroak 10, osteguna
- 17:00. Txupinazoa eta purrarea, plazan. Ondoren, buruhandiak.
- 18:30. Patata-tortilla lehiaketa, karpan.
- 21:00. Afaria, karpan: patata-tortillak eta norberak eramandakoa.
- 22:00. Pancho Balbuena bakarlari mexikarra.
Azaroak 11, ostirala, San Martin eguna
- 11:00. Zirku tailerra umeentzat.
- 11:30. Salda hartzea, bertsolariekin.
- 13:00. Artzain txakur lehiaketa, Tailerreko zubian.
- 13:00. Kuadrillen juntadizoa plazan, eta poteo girotua.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria, Aizkoate elkartean.
- 14:30. Kuadrillen arteko bazkaria, karpan.
- 17:00. Buruhandiak, eta ondoren txokolatea umeentzat.
- 19:30. Kontzertua, Oargin: John Dealer and the Coconuts.
- 21:00. Afaria, norberak eramandakoarekin, karpan (mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte).
- 23:30. Kontzertuak: Gilda eta Muxutruk Erromerie taldeak.
Azaroak 12, larunbata, umeen eguna
- Goizean. Herriko txistularien diana.
- 10:00-13:00. Puzgarriak.
- 11:00. Toka txapelketa haurrentzat, Aizkoaten.
- 12:00. Toka txapelketa helduentzat, Aizkoaten.
- 14:00. Haurren bazkaria, eta ondoren jolasak.
- 16:00. Mus txapelketa, Aizkoaten.
- 17:00. Haurren askaria.
- 18:00. Mozorrotuen juntadizoa eta kalejira.
- 19:00. Sagardo probaketa.
- Ondoren. Bizpahiru Pelau taldea.
- 21:30. Herri afaria.
- 00:00. Bizpahiru Pelau taldearekin erromeria.
Azaroak 13, igandea
- 12:30. Ataungo XI. Mondeju Lehiaketa eta mondeju-pintxoak.
- Ondoren. Mondeju lehiaketako eta marrazki lehiaketako sari banaketa.
- 12:30. Kantu poteoa.
- 17:30. Otsoak dantza taldearen emanaldia.
- 19:30. Bertso saioa. Amaia Agirre, Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Miren Artetxe eta Iban Urdangarin.