Beasain Kirol Sarietako hautagaiak proposatzeko epea zabalik dago
Herritarren ekarpenak jasoko dira abenduaren 4ra arte. Sari hauen helburua da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonei eta erakundeei aitortza egin eta esker ona adieraztea.
2022 urteko kirol sarietarako hautagaiak proposatzeko epea zabaldu du Beasaingo Udalak. Sari hauen helburua da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonei eta erakundeei aitortza egin eta esker ona adieraztea. Errekonozimendua nori egin, herritarrek aukeratu ahal izango dute. Proposamenak egiteko, bide desberdinak daude: telefonorako aplikazioaren bidez, Udalaren webgunearen bidez edo Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan dagoen kutxan sartuz. Abenduaren 4an amaituko da epea. Sari emate ekitaldia, abenduaren 18an izango da.
Jasotako proposamenak aztertu eta epaimahaia osatuko da, balorazioa egin eta sarituak aukeratzeko, eta hortik aterako da 2022ko Kirol Sari Nagusia jasoko duena. Aipamen bereziak izendatzeko eskumena ere izango du epaimahaiak.
Batzordeko lehendakariarekin batera epaimahaia honako pertsonek osatuko dute; Kiroletako arduradun teknikoa, Beasaingo Udaleko komunikazio arduraduna, eta Herritarrak Batzordeak proposatutako talde aholku-emaile bat ondorengo kideekin: Beasaingo kirolaren berri edota kirolari beasaindarren berri jarraitzen duen komunikabide edo kazetari bat, aurreko urteetako saridun bat, Kirol elkarteetako ordezkari bat, Kirol teknikari bat, eta kirolaren eta gorputz ekintzen esparruan ezaguna den pertsona edo entitatearen ordezkaria.
Bi kategoria
Sariak bi kategoriatan banatuko dira, urteko kirol sariak eta ohorezko kirol sariak. Beasain Kirol Sarietan banatuko diren urteko kirol sariak hauek izango dira: Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria; Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria; Kirol jardunaldiari saria; Erakunde babesleari saria; Sari Nagusia; Ohorezko saria
Bestalde ohorezko udal sariak daude. Atal honetan ohorezko bi sari emango dira; Kirol Ibilbideari Ohorezko Saria eta Ohorezko Beasain Saria. Beasaingo Udalak eskumena izango du, egoki ikusiko balu, bi sari berezi hauek emateko. Ohorezko bi sariak Herritarrak Batzordeak proposatu eta alkatetzak ebatziko ditu.