Elena Tuduri etnografoari buruz hitzaldia egingo du Emilio Latorre bilobak bihar Ormaiztegin
Kultur etxean da hitzaldia, ostegunean 19:00etan. Zumalakarregi Museoan dagoen erakusketaren osagarri da. Antzinako euskal jantzien ikerketan aitzindaria izan zen Tuduri.
Elena Tuduri etnografoa, argazki kamerarekin, XX. mende hasieran./Zumalakarregi Museoa Zumalakarregi Museoak Elena Tuduri etnografoa hobeto ezagutarazteko hitzaldia antolatu du. Bihar, osteguna (azaroak 17), Ormaiztegiko kultur etxean izango da, 19:00etan hasita. Emilio Latorre izango da hizlaria, Tuduriren biloba, eta Elena Tuduri en su entorno (Elena Tuduri eta bere ingurumaria) gaia jorratuko du.
Hain zuzen, museoan bertan ikusgai dago Elena Tudurik XX. mende hasieran ikertutako euskal jantziei buruzko Elena Tuduri. Erramuaren sekretua. Euskal jantzien ikerketan aitzindaria eta Goikoetxea bilduma aldi baterako erakusketa. Haren osagarri da Latorreren hitzaldia.

Emilio Latorre, Zumalakarregi Museoko erakusketan./Aimar Maiz
Tudurik etnografia lana jantzien eremura bideratu zuen. “Euskal kultura hobeto ulertzearren, Euskal Herrian herriz herri eta etxez etxe ekin zion euskal jantziak ikertzeari. Albizturko Goikoetxea etxean aurkitutako ehun-bildumak Elenak egindako ikerketa etnografikoan garrantzia izan zuen eta bere ikasketa bukaerako memorian Albizturko Goikoetxeako hainbat soinekori egindako argazkiak ikus daitezke”, azaldu du Zumalakarregi Museoak.
Hein berean, Emilio Latorrek amona zenaren oroimena eta lana berreskuratu zuen, 2017an. Tudurik 1920ko hamarkadan aurkeztutako memoria liburu formatuan argitaratu zuen, El traje vasco y otros asuntos de la etnografía vasca izenburuarekin.
Euskal jantzien ondarea museoan ikus daiteke, eta Elena Tuduriren pertsonaia eta lana hitzaldian jakin ahalko da.













