Energiaren arloan herritarren iritziak jasotzeko inkesta bat zabaldu du Beasaingo Udalak
Galdetegiaz gain, herritarrei irekitako bi eztabaida saio egingo dituzte. Beasaingo Udalak Klima eta Energia Plan bat osatzeko jarri ditu bi ekintza hauek martxan.
Beasaingo Udalak Klima eta Energia Plan bat egiteko prozesua hasi du. Plan horren helburu nagusia da “klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko udal-ekintza planifikatzea”. Diagnosi fasea osatzeko, herritarrei, elkarteei, hau da, udalerriko eragile guztiei zuzendutako inkesta bat zabaldu dute. Modu azkar eta errazean erantzuteko galderak daude, 10 guztira. Horren bidez, eragileak inplikatu nahi dituzte plana egiteko prozesuan, baita plana osatzean kontuan hartu beharreko lehentasunezko gaiak ezagutu ere.
Galdetegiaz gain, herritarrei irekitako bi eztabaida saio egingo dituzte. Udalak jakinarazi du laster emango dutela horren inguruko argibide gehiago.
Plana egiteko, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du Beasaingo Udalak, garapen iraunkorra sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki erakundeei laguntzeko zuzendutakoa. Donostiako Ados Sostenibilidad y Clima eta Bartzelonako Inergy aholkulariak elkarlnean arituko dira Udalari proiektu hau aurrera eramateko laguntza teknikoa ematen.
Udalaren erronkak
Beasaingo Udalak energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak sortzeko gaitasuna handitzen eta berotegi efektuko gasen isurketa murrizten jarraitu nahi du. 2030erako jarritako helburua da, “%40” murriztea berotegi efektuko gasen isurketak.
Kontsumoa murrizte aldera, dagoeneko egin dituzte hainbat ekintza. Hala nola, Arangoitiko geotermia instalakuntza, kale argiteria led sistemara eguneratzea edo duela aste gutxi aurkeztu zuten, Antzizar kiroldegiko autokontsumorako plaka fotovoltaikoen instalakuntza.