Euskara atzeraka eta galtzen ari da herri euskaldunenetan ere
UEMA mankomunitateak gaur argitaratu du egoera soziolinguistikoaren azterketa. Gehiago jakin arren, gutxiago erabiltzen da. 1991n, %72ko ezagutzarekin, %54koa zen erabilera; 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %41ekoa.
Herri euskaldunenetan ere euskararen erabilera galtzen ari da. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gaur argitaratu du egoera soziolinguistikoaren azterketa, urrian Eustatek kaleratutako Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan oinarrituta. Ondorioa, garbia bezain gordina da euskararentzat: atzeraka segitzen du.
Euskara dakitenen kopuruak gora egiten duen bitartean, erabilerak behera egin du; “beherakada gero eta nabarmenagoa da, eta galera ez da eten”, ondorioztatu du Uemak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, oro har, udalerri euskaldunetan (euskara indizea %70etik gora dutenak), 1991n, %72ko ezagutzarekin, %54koa zen erabilera; 2021ean, %73ko ezagutzarekin, %41ekoa da.
Galera oraindik bortitzagoa da udalerri euskaldunenetan (euskararen indizea %80tik gorakoa dutenak) %90eko ezagutzarekin, erabilera %81ekoa zen 1991n; 2021ean, berriz, %84ko ezagutzarekin, %59koa zen erabilera.
Udalerri euskaldunak, kopuruz, ugaritu egin dira. EAEko gero eta udalerri gehiagok gainditzen dute %70eko ezagutza-indizea: 129 udalerrik (erkidegoko 251 udalerrietatik erdiak baino gehixeago). 1981ean 97 udalerrik gainditzen zuten portzentaia hori. Euskara-indizea %80tik gorakoa duten herrien kopurua, ordea, bere horretan dago: 1981ean erkidegoko 69 udalerri ziren multzo horretakoak, eta 2021ean 68 dira.
Lehen hizkuntza euskara da udalerri euskaldunetako herritar gehienenentat (% 53) –80tik gorako indizea duten lekuetan %69k–, eta hamarretik batek gaztelaniarekin batera jaso du euskara etxean. % 38k erdara du lehen hizkuntza. Etxeko hizkuntzaren erabileran, ordea, euskara eta gaztelania nahiko parean daude –herri euskaldunetan, beti–: euskara % 41ek, gaztelania % 38k. Tartean, elebietan aritu ohi da % 18.
Erabilera makaldu izanaren arrazoi batzuk eman ditu Uemak: “Udalerri euskaldunetako herritarren profila aldatu egin da, bereziki euskaraz dakitenen profila. Alegia, udalerri euskaldunetan gero eta erdaldun gehiago dago, euskaraz ez dakien jende gehiago, eta horrek eragin handia du erabileran eta erabilera-aukeretan; baina hori ez da aldaketa bakarra: udalerri euskaldunetan bizi diren euskaldunek bestelako hizkuntza-ezaugarriak dituzte (lehen hizkuntza, erraztasun erlatiboa, hizkuntza-ohiturak…), eta horrek dakar ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea handitzea. Horri erantsi behar zaio udalerri euskaldunetako bizimoldean eta bertako herritarren gizarte-ohituretan nolako aldaketak ari diren gertatzen, eta horiek guztiek nola eragiten dioten euskararen erabilerari”.
Kezka, lana eta ardura
Uemaren lehendakari Iraitz Lazkanok hiru sentipen adierazi ditu, udalerri euskaldunetan euskara jasaten ari den beherakadaren uholdearen aurrean: kezka, lana eta ardura.
“Azken urteetan UEMAk ohartarazitakoa berretsi dute datuek: udalerri euskaldunetan atzeraka ari da euskararen erabilera, eta galera oso nabarmena da. Ezin dugu udalerri euskaldunetako egoera arrosa kolorekoa irudikatu; jakina, gainerako eremuetan baino hobea da euskararen egoera, baina joera negatiboa da, eta hala berretsi dute zentsuko datuek”.
Kezkatzeko motiboa ematen duten datu gehiago gogorarazi ditu Lazkanok, uda aurretik argitaratutako kaleko erabileraren neurketarenak, adibidez. “Egoera gordina da, eta norabide negatiboan goaz. Horrek, behin eta berriro berretsi duguna jartzen du agerian: udalerri euskaldunak hauskorrak dira, eta ezin dugu lasaitu. Egiturazko neurriak behar ditugu egoera iraultzeko”.
Lanerako ildo batzuk markatu ditu: “Udalerri euskaldunetan ezinbestekoa dugu hizkuntza-politika aurreratua”. “Udalerri euskaldunen garapena helburu izango duena eta politika sektorialetatik harago joango dena. Euskararen egoeran eragina baitute beste hainbat eremutan eta sailetan egindako politikek, baita egin ez diren politikek ere”.
Ardura eskatu du, arnasguneen galera eta gainbehera eteteko eta eremu horiek garatzeko. “Lege-babesa behar dute arnasguneek, eta haien garapena bermatuko duten egiturazko neurriak hartzea. Bestela, erdaren noranahiko erauntsiaren erdian, hauskorrak izaten jarraituko dute”. UEMA mankomunitatean sartzeko eta elkarlanean indarrak batzeko deia ere egin du Lazkanok, “udalerri euskaldunen lurgunea sendotzeko eta elkarrekin euskararen biziberritzeari hauspoa emateko”.
Goierrin, ezagutza gora, baina lehen hizkuntzan eta etxeko erabileran behera
UEMAk Goierriko egoeraren datuak ere xehatu ditu. Joera orokorraren antzeko bilakaera darama, datu nagusiak kontuan hartuta, bailarako herrietakoak ere. Euskara dakitenen kopurua handitu egin da 1981etik 2021ra; euskaldunak eta ia-euskaldunak %62,5 izatetik, %78,8ra igaro dira 40 urte horietan.
Baina hortxe bukatzen dira euskararentzat berri positiboak. Lehen hizkuntzatzat euskara duten goierritarren portzentaiak beherantzko joera darama, etenik gabe, 1991tik 2021era. Duela 30 urte, %48,3k zuten euskara aurrenekotzat, %47k gaztelania, eta %3,7k biak. Iaz, euskara %40,4k zuen euskara lehen hizkuntza modura, %44,2k gaztelania (2011n jada gain hartu zion euskarari), eta biak %9,4k.
Etxeko erabileran ere galtzen ari da: 1991n %35,6k euskaraz egiten zuen, 2021ean %31,2k; gaztelaniaz, gehiagok: ia erdiek duela 30 urte (%49,2), eta %46,5ek iaz.
Eneritz Albizu: “Gehienentzat jada euskara ez da lehenengo hizkuntza”
Goierriko argazkiari buruz, Uemaren teknikari Eneritz Albizuk ezagutzan ere moteltze bat ikusten du. “Ezagutzari dagokionez, udalerri euskaldunetan, beste eremuetan ez bezala, moteltze bat ikusten da, eta kasu batzuetan beherakada ere bai. Askoz nabarmenagoa da lehen hizkuntzan eta erabileran. Gero eta euskaldun gehiago gaudela esaten digute, eta hori positiboa da gure ustez ere, noski. Baina garrantzitsua da erabileran ere erreparatzea. Geroz eta jende gehiagok daki euskaraz, baina gehienentzat euskara ez da jada lehenengo hizkuntza, beste ama hizkuntza batzuk dituzte, eta besteetan erosoago sentitzen dira. Horrek erabileran eragiten du. Asmatu beharko genuke ezagutza hori aprobetxatzen, eta herritarrak motibatzen, herrietan euskara gehiago erabiltzen”.
Udalerri euskaldunen potentziari erreparatu dio jarraian, herri horiek gainerakoentzat ere “eredu” direlako, hizkuntzaren erabileran, jakintzan eta naturaltasunean. “Eredu dira herriok, erakusten dutelako posible dela euskaraz bizitzea. Euskarak erabileran posizio hori galtzen badu, ez dira horren eredu izango, eta egin dezaketen ekarpena asko murriztuko da”.
Euskararen eragina, herri euskaldunetan bertan geratzeaz haraindi, erdaldunagoak diren beste herri batzuetara ere zabaltzen dute, bestetik. “Udalerri euskaldunak garrantzitsuak dira, herrian bertan hizkuntza mantentzeko ere bai, baina zabaltzeko joera bat ere joka dezaketelako. Naturalki, herritar hauek herri handiagoetara joaten direnean, lehen hitza eta bestak euskaraz egiten ditu, eta hangoak ere jarriko ditu euskaraz. Zabaltze efektua dute herri euskaldunek. Baina beharrezkoa da naturaltasuna eta erabilera mantentzea horretarako”.
Datu kezkagarri bat ere eman du: arnasguneetan, etxeko erabilera %80tik gora duten bi herri bakarrik geratzen EAEn, eta horietako bat Zerain da. “Hor ikusten da zenbateko galera dagoen. 10 etxetatik 8tan baino gutxiagotan hitz egiten da euskaraz arnasgune diren herri ia guztietan ere”.