Gabonetako haurrentzako aisialdi zerbitzuko izen-ematea bihar irekiko dute Lazkaon
Gabon astean eta Urteberri astean izango dute haurrek oporretako aisialdi programa, HH3tik LH6ra artekoek. 70 lagunentzat lekua dago.
Gabonetako oporretan aisialdiko jarduerak egin ahalko dituzte Lazkaoko haurrek. Udalak aisialdi zerbitzua eskainiko du, Gabon astean eta Urteberri astean: abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an, 10:00etatik 13:00etara emango dute zerbitzua, Areria kulturgunean.
HH3tik LH6ra bitartean dabiltzan haurrek izango dute aukera. Guztira, 70 lagunentzat lekua eskaini dute. Izena emateko epea bihar, azaroak 17, osteguna, irekiko dute, azaroaren 30era arte. Bi bide jarri dituzte: lazkao.eus webgunearen bitartez, edo udaletxean inprimakia beteta. Ikasle bakoitzeko kuota 30 euro da.