'Gure lurra margolanetan' erakusketa ikusgai dago Aterpen
Euskal kultura, mitologia eta natura daude margolanen oinarrian. Abenduaren 14ra arte egongo da ikusgai.
Jon Galdos Kazabon artista irundarraren Gure lurra margolanetan izenburudun erakusketaren lagin bat ikusgai dago Beasaingo Aterpe tabernan. “Euskal kultura, mitologia, eta natura daude oinarrian, mundua ulertzeko ikuspuntu hori da margotzera bultzatzen nauena”, nabarmendu du margolanen egileak Aterpen jarri dituen obren inguruan.
Gure lurra margolanetan erakusketa, “lan zabal” bat dela adierazi du, momentu honetan Euskal Herriko txoko desberdinetan sakabanatuta daude; Aterpen, sei margolan daude ikusgai.
Teknika eta estiloaren inguruan esan du, “ideia eta pentsamendu berdinak era batean eta bestean, behin eta berriz adierazten saiatzean” dela.
Duela “20 urte baino gehiago” hasi zen Galdos bere inspirazioa margolanetara eramaten. Lorezaina, ogibidez, txalaparta du zaletasuna, biak margolaritzarekin uztartzeak ematen dio bizia.
Gogoratu, datorren abenduaren 14ra arte dagoela ikusgai erakusketa. Egilearen inguruko informazio gehiago hemen.