Zerbitzu energetikoa kudeatzeko e-Menhir Energy plataforma ezarri dute Goierriko 10 udalerrik
Goieki Goierriko Garapen Agentziaren bitartez egin da. Plataformaren bidez, udalerrietako instalazioen urteko energia-kontsumoa %10 murriztea dute helburu.
Goieki Goierriko Garapen Agentziaren bidez, e-Menhir Energy plataforma ezarri dute Goierriko 10 udalerrik, zerbitzu energetikoaren kudeaketa hobetzeko helburuz. Beasaingo, Idiazabalgo, Lazkaoko, Legorretako, Mutiloako, Olaberriko, Ordiziako, Ormaiztegiko, Segurako eta Zegamako udalek baiezkoa eman diote plataformari. IP21 eta Hispavista Labs-ek elkarlanean garatu dute plataforma.
Smart Cities kontzeptuan oinarritzen den plataforma baten sorkuntza ahalbidetu nahi dute e-Menhir Energy plataformarekin. “Neurketa, analisi eta konparaketen estrategia planifikatu bat eginez, eskualdeko kontsumo energetikoa arrazionalizatzen eta sustatzen lagunduko” duela azaldu du Goiekik. Sektore energetikoa Goierriko garapenerako “estrategikotzat” jo du agentziak: “Horregatik, arlo honetan egokitu beharreko zereginak, ingurumenarekin erlazionatutako proiektu berrien sorkuntzarekin eta instalazio energetikoen eraginkortasuna hobetzeko ekintzekin lerrokaturik egon behar dute L4/2019 legea bete ahal izateko”.
Goieki eta eskualdeko udaletxeak, energia-mahai baten bidez, e-Menhir Energy plataforma ezartzeko lanean dabiltza, “udalerrien zerbitzu energetikoen kudeaketa erraztu eta monitorizatu ahal izateko”. Sentsorizazio eta datuen ustiapena ahalbidetzeko teknologiak ezarri eta datuen kudeaketa eta kontrol osoa edukitzeko aukerak eskaintzen dituzten hautabideak erantsi dituzte aipatutako legeari aurre egiteko.
“Adimendun sistemei eta automatizazio teknologiei esker, kontsumoarekin erlazionaturiko informazio guztia biltzen, aztertzen, partekatzen eta irregulartasunak ezabatzen trebea bihurtu da e-Menhir Energy. Kontadoreen geoposizionamendua eta aurrezte-kalkulu automatikoen zerbitzuak ere eskaintzen ditu kontratu bakoitzeko”, azaldu dute. Plataformarekin udalerrietako instalazioen urteko energia-kontsumoa %10 murriztea dute helburu.