Alkoholaren gaia lantzen ari dira ikasleekin Legazpin
Herriko 15 urteko ikasleei zuzenduta dago, eta Gabonen ondoren gurasoentzako tartea ere izango du. Alkoholaren arriskuei eta kalteei buruz informatzea da helburua.
Alkoholaren arriskuak murrizteko programa itzuli da Legazpiko ikastetxeetara, gai hori 15 urteko neska-mutilekin lantzeko. Gaur izango da lehen saioa, Haztegi ikastolan, eta hurrengo asteartean beste bat egingo dute. Olazabal institutuan abenduaren 1ean dute hitzordua. Gabonak ondoren, gurasoen txanda izango da.
Urtero Hezkuntza zerbitzuak herriko ikastetxeetara eramaten duen programa da hau, Eusko Jaurlaritzarekin eta herriko ikastetxeekin lankidetzan aurrera eramaten da eta Ortzadar Fundazioak gidatzen du. 15 urte inguruko neskak eta mutilak alkoholaren kontsumoarekin lotutako arriskuez eta kalteez jabetzea lortu nahi da berarekin. Alkoholaren aurrean jarrera arduratsua hartu ahal izateko informazioa ematen zaie, kontsumitzea erabakitzen badute, bere burua zaintzen ikasi dezaten.